Koronabirusa

Egoeraren irudi lausoa

Koronabirusaren krisiak enpleguan eragin duen lurrikararen zantzurik ia ez da antzeman INEren biztanleria aktiboaren inkestaren emaitzetan

Lantegi baten atea itxita, apirilaren erdialdera. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Hiru hilabete gehiago itxaron beharko da INEk argitaratzen duen biztanleria aktiboaren inkestak enpleguaren egungo errealitatea behar bezala islatzeko. Lehen hiruhilekoari dagozkion emaitzetan daude alarma egoeraren lehen asteak, martxoko bigarren erdialdekoak, baina erabat lausoturik gelditzen dira, hiru hilabeteetako datuen batezbestekoan.

Horrela uler daitezke atzo jakinarazitako datuak. Martxoaren amaieran ekonomia seko geratu egin zen arren, Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekoan baino 6.700 okupatu gutxiago besterik ez du zenbatu INEk, 1.214.000 hain zuzen ere.

Are ulergaitzagoa dirudi langabeziaren datuak, inkestak 6.400 langabe gutxiago eman dituelako (115.400). SEPEk, bere aldetik, enplegu bulegoetan 14.364 langabe gehiago zenbatu zituzten hilabete horien amaieran; datorren asteartean jakinaraziko ditu apirileko datuak.

Langileen egoerak definitzeko irizpideek ere baldintzatu dute inkestak zer erabilgarritasun duen martxoko azken asteetako errealitatea islatzeko. INEk okupatutzat jotzen ditu aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak, egoera horretan hiru hilabetetik gora egin arte bederen. Beraz, nahiz eta martxoaren bukaeran milaka langile enplegu erregulazioan egon, estatistikoki okupatu dira oraindik ere. Berdin gertatzen da lanaldia murrizteko erregulazioan zeuden langileekin. Azken datuek diote 250.000 lagunetik gora daudela edo egon direla egoera horretan.

Enplegua ezin bilatu

Langabe kopurua zenbatzean ere trabak izan ditu INEk. Langabe gisa sailkatzeko, beharginak lan bila aritu behar du, eta martxoko bigarren astean enplegurik gabe gelditu ziren langileek ezinezkoa izan zuten lan bilaketarik egitea, besteak beste, enpresak itxita zeudelako, eta etxean zaintza lanetan ibili behar izan zutelako.

Horren atzean biztanleria aktiboaren murrizketa dago, estatistika institutuak 13.200 aktibo gutxiago zenbatu baititu (1.329.000). Aktiboak ez diren pertsonen kopuruaren hazkundeak, ziurrenez, islatzen du jendea lanik gabe gelditu dela martxoaren amaieran, baina une horretan ez zituztela betetzenlangabetzat jotzeko baldintzak.

Egoeraren berezitasunaren ondorioz, INEren inkestari garrantzia kendu diote sindikatuek. «Datuek ez dute inola ere islatzen Hego Euskal Herriko langileria bizitzen ari den errealitatea. Krisi ekonomiko baten aurrean gaude, kaleratze ugari, ABEEak eta diru-sarrerak gelditzeagatik gastuei aurre egin ezin izan dieten pertsonak, ugari dira», azaldu du ELAk.

«Tentuz hartzeko datuak» iruditu zaizkio LABi, baina bat nabarmendu du: langileen %23,5ek dute aldi baterako kontratua, eta emakumeen artean %26,5 dira.

CCOOk, berriz, bere kezka azaldu du, orain kontratua etenda duten langile asko kalean gera daitezkeelako erregulazioa amaitzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.