martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Parisko zaldi jakobinoa

2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ez dakit, Vicent, nola jokatzen duen Frantziako Gobernuak Ipar Katalunian katalana sustatzeko orduan. Sumatzen dut Ipar Euskal Herrian bezain epel ibiliko dela, aurka ari ez denean. Maria, zuek, zorionez, ez dituzue Parisko agintariak pairatu behar: nahikoa, eta sobra, badaukazue Xuntarekin, oso gutxi egiten baitu bere hizkuntzaren alde.

Kanpaina eredugarriak eta jendetsuak egin arren, Macronen gobernuak ez du zaldi jakobinotik jaitsi nahi, estatua hautsiko dieten beldurrez edo. Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen erakundea da Seaska, erreferentzia nagusia alde handiarekin hezkuntza aratuan eskolak euskaraz emateko orduan. Era berean, gero eta gehiago dira hezkuntza euskaraz eskaini nahi duten eskola publikoak eta pribatu katolikoak; hau da, eskolak euskaraz eman nahi izatea ez da bakarrik euskal separatista susmagarrien apeta.

Parisek entzungor egiten segitzen du eskaeren aurrean, eta Frantziako hiriburuan irailean egindako bileran euskal ordezkaritza instituzionalak —Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta parlamentariak zeuden bilera horretan— egindako proposamenei ez die batere jaramonik egin. Euskal ordezkaritza erantzunaren zain egon da hilabeteotan.

Eskaeren artean bada bat ikur bihurtu dena euskararen eskubideen zerrendan: azterketa homologatuak euskaraz egitea. Ikasketak euskaraz egin arren, ikasketak homologatzen dituen brebeta azterketa (DNB, Diplôme national du brevet) frantsesez egitera behartzen ditu ikasleak Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Kosta ahala kosta.

Parisek ez du amore eman nahi brebetaren auzian, gotortuta dago, badakielako maratoi luze baten lehen urratsa dela, lasterketa hori urraska egiten dela, eta urrats baten ondoren beste bat etorriko dela.

Azterketa hori euskaraz egiteko mugimenduan rol berezia jokatzen dute Seaskako ikasle gazteek. Pozgarria da ikustea belaunaldi gazteak — oso gazteak, dena esanda— irmoki eusten diola erakunde hori sortu zutenen espirituari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.