martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Egunez eguneko subiranotasuna

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Bidenek eta Putinek alferrikakoa bezain itxurazkoa den ahari apustuan entretenitu nahi gaituzten bitartean, ikusi dut Vilaweb-en, Vicent, ekimen interesgarria abiatu dela Katalunian bizi duzuen impasse-a animatzen laguntzeko: Subiranotasun Fiskalaren Aldeko Kataluniako Udalak. Orain arte 30 udal batu dira, Vic tartean, nahiz gainerakoak dezente txikiagoak izan.

Bakarren batek pentsa lezake 30 udal gutxi direla, kontuan hartuta ia 950 udal daudela Katalunian. Gutxiago ziren, bakarra zelako, 2009ko irailean Arenys de Munten independentziari buruzko lehen udal erreferenduma antolatu zutenean, baina hurrengo hilabeteetan 549 herritan egin ziren. Beti dago lehen urrats bat, eta denok dauzkagu buruan sekulako arrakasta lortu zuten ekimenak, nahiz hasieran txoro batzuen proposamena izan. Txoro horiek baitira mundua aldatzen eta hobetzen dutenak, askotan.

Kataluniako udalen zergak Kataluniako Zerga Bulegoari ordaintzea proposatzen dute udal horiek, zerga horiek kudeatzeko erakunde legitimo bakarra Kataluniako Gobernua delako. Buruzagi politiko independentziazaleek zer egingo zain egon gabe, udal horien arduradunek mugitzea erabaki dute haiena ere baden arlo batean: udal ogasunek diru gehiago edukiko dute zergen dirua Katalunian geratzen bada.

Udal horiek subiranotasun fiskalarekin batera, energetikoa ere aldarrikatzen dute, haien hitzetan «oligarkia energetikoek herritarrekin egiten dituzten abusuak gelditzeko».

Azken eskaera horrek, Maria, zuen egunkari Nós Diario-ra narama, oso argigarria delako irakurri dudan albistea, alegia, oso eskasak direla Galizian lan egiten duten enpresa eolikoek lur jabeei ordaintzen dizkieten alokairuak. Irabaziak oso handiak izanagatik.

Bada garaia energiaren auziari udaletatikalternatibak eskaintzeko. Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direnez, lan esparru handia daukate Jose Elorrieta buruzagi sindikal ohiak «egunez eguneko subiranotasuna» deitzen zion arloan aurreratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.