GALEUSCAKO ZUZENDARIAK

Noizko Amnistiaren Legearekin?

martxelo otamendi
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ongi etorri, Maria eta zure irakurle guztiak, Vicenten eta bion arteko solasaldi hauetara. Behinola, duela hamarkada dezente, gure hiru herrietako ekintzaile konprometituek abiatu zuten Galeusca hari beste aldaki bat erantsiko diogu: zuzendarien artekoa.

Meritu bikoitza daukazue Nòs diario galizierazko egunkari jaio berria egiten duzuenok. Ez dira hauek garairik emankorrenak komunikabide profesionala sortzeko, etahori gutxi balitz bezala, jaio eta bi hilabeteetara COVID-19a erori zitzaizuen gainera. Seguru nago, zailtasunak zailtasun, aurrera aterako zaretela, meigen laguntzarekin edo gabe. Hortaz, bizi bedi luzaz zuen proiektua.

Zer egingo dugu, Maria eta Vicent, memoria historikoaren auzian zanbuluka dabilen estatu batekin? Edo ez dute askok frankismoa serio hartu sekula, edo beldurrak jota daude… Ez dago besterik. Beti berandu dabiltza, mingarriki berandu; aurpegi gogorra behar delako 1936an Francok jo zuen estatu kolpearen aurka borroka eginez hildako bere senide baten hilotza non dagoen ez dakien senideari esateko oraingoan bai, oraingoan serio helduko diotela lan horri.

Hori ari badira orain egiten 1936-1939 tartean eta ondorengo urteetan bide bazterretan eta hilerrietako paretetan hil zituztenekin… noiz hasiko dira ikertzen frankismoan etaondorengo urteetan errepresioa eragin zutenak? Askotan salatu denez, 1977an Espainiaren aurpegia garbitzeko egin zuten Amnistiaren Legearen ondorioz —horretarako egin baitzuten—, ateak itxi zizkioten ikerketa penal orori. Bere burua babesteko egin zuten lege hura, horretarako preso antifrankistak kalera atera behar izan bazituzten ere.

Ez gaitzaten engaina, lege guztiak indargabetu litezke, baita Amnistiaren Lege hura ere; legeak egitea eta indargabetzea delako demokrazia parlamentarioaren oinarrizko ezaugarrietako bat. Noiz egingo dute, ordea, inoiz egiten badute? Auzi aulkian eseri beharko luketen guztiak hil eta 25 urtera?

Badute non ikasi: Argentina, Txile, Mexiko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.