martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Estrategia aldaketa nabarmena

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Asteazkenean jakin genuen Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk 2022ko aurrekontuei buruzko akordioa lortu zutela. Komeni da gogoratzea zuen irakurleei, Maria eta Vicent, Eusko Legebiltzarrean gehiengo lasaia daukatela Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJk eta PSEk. Alegia, datorren urteko aurrekontuak onartzeko, bi alderdi horientzat ez zela ezinbestekoa akordioa lortzea. 253 milioiko gastua daukaten partidak adostu dituzte Jaurlaritzak eta EH Bilduk, bigarrenen abstentzioaren truke.

Asko aldatzen ari da panorama politikoa oso denbora gutxian Euskal Herrian, EH Bilduren eskutik batik bat; beharrak eraginda batzuetan, estrategia aldaketaren ondorioz besteetan. EH Bilduk eutsi egiten dio, ez doan noski, buru Maria Txibite PSNkoa daukan Nafarroako Gobernuari, ezinbestez. Hala ez izatekotan, Nafarroako eskuin antieuskaltzalea legoke gobernuan, erraz irudikatzen ditugun ondorioekin. Hori eragotzi egin nahi du EH Bilduk Nafarroan, kosta ahala kosta.

Antzeko egoera gertatzen da Espainiako Kongresuan. PSOEk EH Bilduren botoak behar baititu, beste askorenekin batera, gehiengoa osatzeko. Bestela, PPk eta Voxek osatutako gobernua. Nafarroan egiten duen bezala, hainbat hobekuntzaren ordain ematen dio babes hori EH Bilduk PSOEren eta Podemosen gobernuari.

Kualitatiboki, baina, asteazkeneko akordioak beste irakurketa bat behar du. Arestian azaldu bezala, EH Bilduren botoen beharrik ez zeukaten EAJk eta PSEk, baina akordioa lortu dute. Bi aldeek itxi ziezaioketen elkarri atea, eta orain arteko jarrera historikoari eutsi. Ez da horrela gertatu.

Hainbat urte igaro ditu EH Bilduk esanez ezinezkoa izango zela aurrekontuen akordioa jeltzaleekin, ez bazen nazio eraikuntzaren alorreko akordio sendo baten barruan. Nabarmena da estrategia eta irudi aldaketa.

EH Bildu oso kritikoa da Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikarekin, baina ez du sartu euskararen politiken indartzea akordioaren eskaera zerrendan. Eta ez naiz diruaz ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.