martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Emakumeen hordagoa

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Martxoaren 8ak ekarri zigun albistea, uste gabekoa askorentzat: Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokor feministarako prozesua abiatu duela jakinarazi zuen. Bistan da, prozesu horren helburua greba orokorra egitea, prozesuan zehar grebaren proposamenak herri mugimenduen eta eragile sozioekonomikoen babesa lortzen badu. Ez du ematen, greba orokor feministaren data uda aurretik izango denik.

Zaintzarako eskubide kolektiboa exijitzea izan da grebaren helburu nagusia. Zaintza partekatua eta, orain arteko joera irauliz, zaintzarekin dirua irabaztea helburua daukaten esku pribatuetan egongo ez dena.

Asmoak badu garrantzia handiko bereizitasuna, alegia, Euskal Herrian sortutako ekimena da, ez dator koordinatuta beste inongo herrialderekin. Horrek ez du esan nahi, behin deialdia gure herrian eginda, beste herrialdeetako mugimendu feministek begi onez ikusi eta deialdiarekin bat egingo ez dutenik. Baina deialdia Euskal Herrikoa eta Euskal Herrirakoa da. Burujabetza praktikatzeko modua bada hori ere.

Erronka handia hartu dute bere gain prozesuaren sustatzaileek, aspaldikoa delako azken greba orokorrerako deialdia. Denbora eta gertakizun asko ezagutu ditugu orduz geroztik, eta deialdiak balioko digu, besteak beste, neurtzeko herritarren joerak, pentsaera... horrenbeste aldatu ote diren. Sozioigarleek esan ziguten COVID-19ak errotik aldatuko zituela gizartearen jokabideak. Ez du ematen horrenbeste aldatu direnik.

Hordagoa jo du mugimendu feministak, gizarteari, eta gizonoi. Prozesu bat eraikitzeko hordagoa. Greba ez baita, aurreko deialdi batean jaso legez, emakumeentzako soilik. Hura, emakumezkoena bakarrik, egin zen bere garaian arrakasta handiarekin, 2018ko martxoaren 8an. Oraingoa greba orokorra denez, gizonak ere interpelatzen gaitu, gizonak direlako oraindik liderrak borroka sindikalean, eta gizonak garelako lantokietako arduradunak, grebarekin bat egin edo oztopa dezakegunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.