martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Justiziaren loteria

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Sendoa bezain argigarria da asteartean Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk Trapero auzian sinatu zuten errugabetze sententzia. Hiru ziren mahaian, baina hirugarren magistratuak, Concepcion Espejelek, boto partikularra eman zuen. Espejelek ez zuen sorpresarik eman, ezaguna delako bere ibilbidea eta Espainiako poliziekin daukan harreman estua: Guardia Zibilaren koronel batekin dago ezkonduta, eta gorputz horren beraren kondekorazioa jasota dago. Noiz bukatuko da poliziek magistratuei dominak emateko ohitura itsusi eta susmagarri hori? Espejel, magistratua izateaz gain, auzitegi horretako Zigor Aretoko lehendakaria da, alegia, magistratuen arduradun nagusia, auzitegiko bigarren agintaria lehendakariaren ondoren. Altsasun oso ezaguna, zoritxarrez.

Trapero mossoburua eta Kataluniako Barne Saileko beste hiru arduradun sedizio eta desobedientzia delituetatik errugabetu dituen kasuak beste behin azaltzen digu, estatu auzietan, Auzitegi Nazionala loteria bat dela. Auzigai berak bi sententzia erabat desberdin eduki ditzake segun zein magistratuk osatzen duten mahaia. Darabilgun kasuan, jakinda sententziaren proposamena ezkerreko magistratu Ramon Saez Valcarcelek egingo zuela, itxaropen handia zegoen absoluzioaren aldekoa izango zela. Hala izan da, eta mahaia osatu zuen hirugarren magistratua bere tesietara eramaten asmatu du, Espejelen etsipenerako.

Auzitegi Nazionalera joan aurretik lotura magistratua zen Espejel Parisen, hau da, Frantziako justiziarekin —Poliziarekin ere bai, seguru— koordinazio lana egiteko Espainiak daukan magistratu berezia. Horrelako beste bat dauka Frantziak Madrilen. Hain zuzen ere, Auzitegi Nazionalean dauden Saez Valcarcel bezalako magistratu iaio eta aurrerazaleak, ez dira asko, neutralizatzeko asmoarekin eraman zuten Espejel Paristik auzitegi horretara. Behatxulo batetik ikusteko modukoa izango zen bi magistratuek sententzia adosteko bileran edukitako eztabaida juridikoa.

Loteria horretan, ez da oso ausarta izan behar sententzia asmatzeko, epaiketa Marchenaren lurraldean egin balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.