martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ordenatu gabeko bukaerak

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
ETA erakunde armatuko kide eta nazioarteko arduradun ohi Josu Urrutikoetxeak hitzaldia eman du asteon, online derrigorrez, Frantziako Asanblean, nazioarteko gatazkei buruzko jardunaldi batzuetan. Berarekin batera, gatazken konponbidearen kudeaketan eta bitartekaritzan adituak eta arituak diren eragileek hartu dute parte.

Ezaguna da ETAren bukaera ez zela gertatu erakundeak nahi izango zuen bezala, alegia, Ipar Irlandakoa gogoan, Nazioarteko Bake Konferentzia baten markoan, eta bilkura horretan adostutako akordioen ondorio gisa. Espainiak, bere indarraz ohartuta, ez zuen inolaz ere nahi izan halako bukaerarik, garaipena jarri zuelako akordioaren gainetik. Espainiak nahi ez, eta Frantziak ez zuen bultzatu.

Bukaera ordenatua izateak ez du bermatzen prozesua arazorik gabekoa izatea. Ikusi besterik ez dago, arrazoi desberdinengatik baina, Ipar Irlandan eta Kolonbian gertatzen ari dena. Baina, gutxienez, sinatutako prozedurak eta hitzarmenak badaude, betetzen ez badira lau haizeetara salatu ahal izateko. Ordenatu gabeko bukaera hark orain jasaten ari garen ondorioak ekarri ditu: gutxieneko akordiorik ez, eta inprobisazio handia biktimen eta presoen arloetan. Defizit hori nabarmendu zuen Berghof Fundazioko Veronique Dudouetek bere hitzaldian.

Aldeak alde, beste horrenbeste gerta daiteke Espainiak Katalunian daukan arazoari behar bezala heldu eta konponbide adostu bat lantzen ez badu. Indultuen astea izan da hau; hau, eta uda bitarteko guztiak. Berri ona da indultuarena, oso larria den injustizia baten pairamena arinduko duelako; baina denek ondo dakitenez hala indultatzaileek nola indultatuek, ez da ezeren konponbide izango.

Kataluniako urak baretu bezala harrotuko zaizkio Espainiakoak Pedro Sanchezen gobernuari indultua ematen duenean. Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioari babesa eman zionean arazoaren parte izatea erabaki zuen Pedro Sanchezek, ez irtenbidearen parte.

Orain buruko minak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.