martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Etxe aurreko Ferrari kopurua

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Arreta handiarekin segitu dut, Maria, Galiziako herri txiki bati «Galizia sakona» deitu dion epaileak sortu dituen eztabaidak eta haserrea, guztiz ulergarriak nire ikuspegitik. Galiziako herri txiki batean bizi den ama bati bere alabaren zaintza ukatzeko orduan Marbellako epaileak (Andaluzia, Espainia) argudiatu du ama herrixka batean bizi dela. Berez, 8.500 biztanle dauzkan Muros udalerriko herrixka batean bizi da, baina hori ez da argudio bakarra izan zaintza aitari emateko.

Emakumezko epaileak, alabaren aita bizi den Marbellak —150.000 biztanle— dauzkan zerbitzuak alderatu ditu Galiziako herrixka horrek dauzkanekin, edo, hobeto esanda, ez dauzkanekin. Askoz egokiago jo du, batere gorritu gabe, Marbella, alaba hori hezteko.

Esan zezakeen epaileak Marbella gezurretako hiri bat dela, luxuz beterikoa, Europako mafioso askoren gordelekua, emirerrietako buruzagi absolutisten paradisua eta, ondorioz, ez dela batere egokia neskato bat bizitzeko. Baina bide errazetik jo du, aurreiritziz betetako topikotik.

Txorakeriak esaten hasita, eta kontuan hartuta AEBetan 16 milioi herritarrek uste dutela txokolatedun esnea kolore marroia duten behietatik datorrela, esan zezakeen alaba Marbellan haziz gero aukera handia zeukala pentsatzeko esnea tetrabrikak ematen dituen zuhaitz batetik datorrela.

Gurean, «Gipuzkoa sakona» deitu zion Arrasateri behin Donostian bizi den kazetari batek, nori eta metro koadroko ingeniari gehien edukiko duten herrietako bati. Hiri handietan bizi diren batzuen ezjakintasuna da, harropuzkeria, pentsatzen dutenak ez dagoela merezi duen bizitzarik herri txikietan.

Auzia da epaile batek esan duela hori, neska gazte baten zaintza nori ematen dion erabakitzen duen sententzia batean, horrek dauzkan ondorio guztiekin. Pozgarria da, Maria, ikustea nolako mugimendua sortu den Galizian herri txikien duintasuna aldarrikatzeko, epaileari erakutsiz alaba bat zaintzeko orduan maitasuna dela giltza, ez etxe aurreko Ferrari kopurua. Goxoa olagarroa Murosen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.