martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Birzentralizazioa, togen bidetik

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Poz handiarekin hartu nuen, Vicent, eskoletako hizkuntza murgiltze eredua babesteko datorren larunbatean Bartzelonan egingo duten ekitaldiaren deialdia. COVIDak ez badu eragozten, jende asko bilduko da Kataluniako Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean; leku egokia, bistan da, elkarretaratzea egiteko, auzitegi horrek erakutsi ziolako bidea Espainiako Auzitegi Gorenari hamarkadetan iraun duen adostasuna hautsi eta ikasgaien %25 derrigorrez gaztelaniaz irakatsi behar direla ebazteko.

Eskolako familia bakar batek eskatu gabe ere bete behar da magistratuen ebazpena, ñabardurarik gabeko agindua delako. Estatuaren erantzun gisa hartu beharko genuke ebazpen hori, botere judizialak hartu baitu botere legegilearen papera, eta Espainiako Kongresuan egitera ausartzen ez diren aldaketa atzeko atetik egin nahi dute; lan hori egiteko prest dauden magistratuen laguntzarekin. «Justiziak hala erabaki badu», hala izango da. Garbiago, zuriago...

Badakite arazoak sortzen dituzten erregioak hizkuntza propioa daukaten nazioak direla: Herrialde Katalanak, Galizia, Euskal Herria, Bretainia, Gales, Quebec..., eta hizkuntzaren zutabea kenduta Eskozia eta Irlanda izan litezke salbuespenak asko ahultzen dela nazioaren izaera: Kanaria uharteak, Okzitania... Gero eta gehiago dira 1978ko autonomia prozesua urrutiegi joan dela irizten diotenak Espainian, eta birzentralizazio leunaren aroa zabaldu nahi dute. Zein egokiago hori egiteko, togek ematen dieten inpartzialtasun itxura baliatuz, Auzitegi Gorena baino?

Hori da aurrean jarri diguten erronka, estatuaren beste test bat, aldiro egin ohi duenez. Test horri ematen diogun erantzunaren sendotasunak baldintzatuko du estatuaren hurrengo urratsa: zenbat eta erantzun indartsuagoa eman, orduan eta zailago edukiko du bide beretik segitzea.

Babes handia jaso zuen Euskal Herritik Kataluniako prozesuak, handiena Kataluniatik kanpo. Ea, Maria, galegoen eta euskaldunen babesa jasotzen duten orain ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.