martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Superliga, zaleen mendekua

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Nork esango zigun, Maria eta Vicent, gure egunkarietako txoko honetan ere hitz egin beharko genuela futbolaz, mundu mailako kirol horren uhinak gureganaino iritsiko zirela. Vicent ez da oso futbolzalea, baina Barçazale amorratuta bai; batik bat, oker ez banago, Kataluniako prozesuaren hasierako garaian, blaugranen zuzendaritza taldeek katalanen erabakitzeko eskubidea babestu zutenetik. Usaimenak esaten dit Maria, ausart nadin, ez zarela oso baloizalea izango. Ni ere ez bereziki, nahiz fenomeno soziologikoa den aldetik gertutik segitzen dudan.

Harrigarria izan da asteon Europako zenbait futbol talde indartsuk bultzatu nahi duten-zuten Superligarekin gertatu dena. Oilo baten hegalaldiak baino iraupen laburragoa eduki du talde handi horien egitasmoak; bazterrak nahasteaz gain, sutu egin dituelako harmailetako biztanleak, gure irakurleetako batzuk horien artean.

Urteak zeramatzaten talde handi horiek Europako liga elitista horren ideiarekin, baina pandemiak eragin dizkien diru galerak aurrerarazi egin die, nonbait, egitasmoa. Baliteke kalkulu desegokia egin izana arduradunek: pandemiagatik futbol zelaira joan gabe urtebete daramaten zaleek kirioak dantzan dauzkate azken denboran, eta oso umore gutxirekin daude handien apeten aurrean irribarretsu agertzeko. Denboren kudeaketa txarra, nonbait. Haserrea azkar, indartsu eta egun batetik bestera hedatu bada, sare sozialen eraginez izan da: horra fenomeno horren beste biktima bat.

«Superligarekin, Katalunia gertuago independentziatik», esan zidan asteartean politikaz eta futbolaz asko dakien lankide batek. «Gaur atzo baino urrutiago dauka Kataluniak independentzia», erresignazio aurpegiarekin asteazkenean. Eztabaidaezina da Barçaren bolada onak, beste faktore batzuekin batera noski, asko lagundu duela Kataluniako independentzia eskaera Europako mapa politikoan jartzen. Superligak ere lagunduko zuen, emaitza bikainak edukiz gero. Zaleek ez dute nahi izan, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.