martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Igoera horren azkarra denean...

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Igoera meteoritikoek, normalean, abiadura bereko jaitsiera daukate, oso zaila delako bat-bateko igoera horrek nahiko indarra edukitzea goian sortzen diren —dizkioten?— haizeteei eusteko. Mendian azkarregi igotzen denari gertatzen zaio, banketxeetako sukurtsalen hedapen itsua egiten duenari... Badaude salbuespenak, baina gehiago dira kolpea hartzen dutenak.

Nahiko pista eman zigun Pablo Iglesiasek jakinarazi zuenean Espainiako Gobernua utziko zuela eta inkestetan oso etorkizun beltza iragartzen zioten Madrilgo Unidas Podemos salbatzera zihoala. «Honek politika utzi nahi du, eta azken zerbitzua egin nahi dio alderdiari», esan genuen askok orduan, batere logikarik ez zeukan mugimenduari azalpena bilatu nahi izan genionean. Lehendakariordetzak eskaintzen duen bozgorailuari uko egin, eta astro guztiak lerrokatu ondoren bakarrik osatuko litzatekeen ezkerreko koalizio gobernu bateko hirugarren alderdiko ministro autonomikoa izateko?

Dimisioa eman zuen astearte gaueko hitzaldian, oso modu sinesgarrian, aitortu zuen tapoi bat dela Unidas Podemos-en garapenerako, inkestek diotena berretsiz ahopeka, alegia, maite ez dutenek errefusatu egiten dutela, eta horrela oso zaila dela aurrera egitea eta aliantzak ehuntzea. Ikusi besterik ez dago Mas Madridek, koalizioan joateari uko eginda ere —edo horregatik— lortu dituen emaitza bikainak. Koalizioan joateari uko egin zion eszisioak gurasoek halako bi lortu du. Hori oso gogorra da.

Ikuskizun da zer bilakaera edukiko duen Iglesias gabeko Unidas Podemos-ek. Iglesiasen figura izan baitzen igoera azkarraren eragile nagusia, zazpi urteko epean kaletik Moncloara pasatu zelako. Gogoratu besterik ez dago 2015eko hauteskundeetan gure herrian lortu zituen emaitza bikainak.

Yolanda Diaz galiziarra izendatu du Iglesiasek, bere kabuz, ordezko. Gu hiruron herrietako errealitate nazionalekin oso sentibera izan ez den PCE alderdi komunistako kidea da. Aukera ederra dauka orain hamarkadetako tradizio jakobinoa aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.