martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Errusiarrik gabe geratu gara

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Bi albiste interesgarri eman dizkigu aste honek Kataluniako egoera politikoarekin lotura estua daukatenak. Azkenean, eta ederki kostata, itxi dute akordioa ERCk eta Juntsek Kataluniako Gobernua osatzeko, hori lehena. Eta bigarrena, beste itxiera bat. Espainiako Auzitegi Nazionalak esan die asteon beste dibertimendu bat bilatzeko Kataluniako prozesuan Errusiako inteligentzia zerbitzuetako agenteek esku hartu zuten tesi burugabea zabaldu zuten epaile, fiskal, polizia eta kazetariei.

Pozten naiz lehenitxierarekin, eta penatuta nago bigarrenarekin, oso dibertigarria delako errusiarren konspirazio tesia sustatu zutenen argudioak irakurtzea. Bukatu zaigu pagotxa hori. Ea Netflixek topatzen duen modua epaileek ukatu diguten plazera ordezkatzeko. Ederra izango litzateke serie bat erakutsiko lizkigukeena errusiar agenteen azpijokoak Espainia zatitu eta Kataluniako independentzia lortzeko ahaleginean.

Kataluniako Gobernuaren osaketarenak baleukake serie bat, luzea bezain aspergarria, ordea. Hiru hilabete behar izan dituzte elkar oso ondo, ondoegi ezagutzen duten alderdi politikoek adostasunera iristeko. Uler liteke prozesu horiek luzeak izatea inoiz elkarrekin ezer egin ez duten sentsibilitateak bateratu behar direnean, baina ez azken hamarkadan arrazoi bategatik edo bestegatik ehunka bilera egin dituztenen kasuan.

Herritarrek merezi dute politika egiteko beste modu bat; herritar guztiek merezi dute. Baina, bereziki, bi alderdi horien akordioaren zain egon diren milaka eta milaka independentziazaleek, ez dutelako galdu batasunaren garaiak itzuliko diren itxaropena. Gustura zeuden 2017 bitarteko akordio zabalekin, eta haserre daude azken urteotako giro txar eta mingotsarekin.

72-70-74 izan dira azken hiru hauteskunde nazionaletan independentziazaleek lortu dituzten eserlekuak. 74ra iritsita, baliatu emaitza bikainak akordio azkar bat egin eta eraginkortasuna erakutsi, seriotasuna lehenetsi eta herritarren aurrean sendo agertzeko. Hori zor zieten alderdiek herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.