martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Katalanak batasuna behar du

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelonako Rambla nagusiaren ondoko plaza batean, sei urteko ikasle talde bat jolasean ari da, eskolako irakasleen begiradapean. Ikasleen aurpegien fisionomiek pistak ematen dizkigute ikasle horien gurasoen jatorriaz: hegoamerikarrak, magrebtarrak, Afrika beltzekoak, kaukasiarrak (bertakoak, alegia), asiarrak... Irakasleak katalanez mintzo zaizkie ikasleei, eta katalana da ikasleen arteko hizkuntza, ikasle horiek etxeko hizkuntza desberdinak dauzkatelako, adin horretan gaztelaniarekin harreman gutxi daukatelako eta, murgiltze ereduaren ondorioz, eskolan dena katalanez egiten dutelako. Adin horretan, sei urterekin, bai. Eta, ikasle horiek 13 urte eduki eta gaztelaniaz ondo hitz egitera iritsita daudenean, segituko du katalanak izaten ikasle talde horren komunikazio hizkuntza? Edo gaztelaniak hartuko du katalanak urteetan talde horretan eduki duen lekua? Horra hor katalanaren iraupen sendoaren giltzetako bat.

Atzo Bartzelonako Arc de Triomfen egindako ekitaldiaren arrakastak argi erakusten du, ikusi nahi duenarentzat, katalan asko sumintzen dela, gehiengo handi bat sumitzen dela esatera ausartuko nintzateke, ikusten duenean katalanari hegoak mozteko estrategiak martxan jartzen direla. Katalanaren indarra murrizteko helburuarekin norabide bereko neurri gehiago etor daitezkeelakoan, berriro jo zuten atzo kalera herritar askok.

Auzitan dagoena ez baita independentzia politikoa lortzeko eskubidea, baizik eta askoz oinarrizkoagoa dena: atzerapausorik ez onartzea katalan hizkuntzaren estatusean. Hamarkadotan katalanari lehentasunezko lekua ematea adostu zuten alderdi eta erakunde guztientzako erronka da Espainiako Auzitegi Gorenak eskoletako ikasgaien %25 derrigorrez gaztelaniaz eman behar direla erabaki izana.

Daukan zailtasuna onartuta ere, ezinbestekoa da bloke bakar batean defenditzea katalanaren egoera horrenbeste hobetu duen adostasun hura. Herritar askok ez lukete onartuko, horretan ere, zatiturik ibiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.