martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Noiz da greba egiteko egun egokia?

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ez dakit, Maria eta Vicent, zuen herrietako lan egutegietan, igandeak eta ospakizun egunak nabarmenduta dauden bezala, ba ote dauzkazuen adierazita greba egunak, alegia, urtea hasi baino lehenago zuen gobernuek (Xuntak eta Generalitateak)erabakita ote dauzkaten, eta jakinarazita, urteko zein egunetan egin ditzaketen grebak herritarrek... Gure herriko gobernuetako lan egutegietan ez da horrelako informaziorik ematen. Pena da, oso baliagarria litzatekeelako zenbait eztabaida antzu ekiditeko: noiz da egun egokia greba egiteko?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza alorreko sindikatu nagusiek —Steilas, CCOO, LAB eta ELA— grebara deitu dute hilaren 25ean. Aurreko filmetako gidoia betez, berehala etorri da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna, gidoian koma bakar bat ere aldatu gabe: «Ez da greba egiteko garaia». Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzak dira.

Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legea izango denaren eztabaidaren aurreko fasean daude, eta hilabeteak daramatzate lanean alderdi politikoek, hezkuntza alorreko eragileek eta adituek. Sindikatuek irizten diote haiek merezi bezalako parte hartzea ez zaiela bermatu eztabaida fase horretan, eta grebaren bidez lortu nahi dute langileen eskaerak kontuan hartzea. Adierazgarria, normalean elkarri bizkarra emanda bizi diren sindikatuak bat etorri dira deialdian.

«Ez da greba egiteko garaia» mantra hori beti errepikatzen da greba iragartzen den aldiro. Gauaren ondoren eguna bezala. Administrazioen eta zuzendaritzen ustez, lantegietako grebak beti deitzen dituzte okerreko garaietan. Ekonomia ondo doanean, kalte egiten diolako ekonomiaren bizkortzeari; eta ekonomia gaizki doanean, enpresa betiko hondoratzea ekarriko duelako grebak.

Noiz da orduan greba egiteko garairik aproposena? Batzuek esaten dutenaren arabera, sekula ez. Garai batean disimulatzen zuten balorazioaren aurretik, «greba egitea eskubide bat da errespetatu behar dena, baina...».

Orain, hori ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.