martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Argitasun Legea helburu

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakariak joan den astelehenean Korsikan emandako hitzaldi batek berriro piztu du gure herrian, pasio handirik gabe egia aitortzen jarrita, estaturik gabeko herrien subiranotasunaren eztabaida. Parisi etengabe botere gehiago eskatzen ari zaizkion korsikarren aurrean babestu zuen Eusko Jaurlaritzako buruak estaturik gabeko herriek autogobernurako daukaten eskubidea, lehendakari abertzale bati dagokion moduan. PSEko eta PPko bozeramaileek, zerbait esan behar, eta alderdi barrurako mezutzat jo zuten esandakoa. Ez da izango, hain zuzen, EAJk Korsikan batzoki eta militante asko dauzkalako.

Gurea bezalako herriek premiaz behar dute marko bat zehaztuko diena Europan zeintzuk diren bete beharreko eskakizunak irteera operazio bat antolatzeko, alegia, noiz edukiko duten Europako Batasunaren babesa independentzia galdeketa baimendua egiteko. «Inoiz ez» da burura datorkigun erantzuna, oso urruti ikusten dugulako Europako potentzia handiek hori onartuko duten eguna. Gaur egun betikotzat jotzen ditugun eskubide batzuk garai batean ikusten genituen bezain urrun dago protokolo hori. Saiatzea da bide bakarra.

Argitasun Legea esan izan zaio azken urteotan proposamen horri, 2000. urtean Kanadako Legebiltzarrak eta Senatuak onartu zuten Loi sur la clarté référendaire / Clarity Act hartatik eratorria. Bi urte lehenago Kanadako Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren oinarriak jasotzen ditu.

Gaur egun quebectarrek badute markoa, ezagutzen dituzte independentziara iristeko prozesu legalaren mugak eta aukerak. Asko gustatuko zaizkie edo ez, baina badaukate joko araua. Zenbat kide dauzka klub eskisito horrek? Eskozia, nahiz 2014ko erreferenduma legala izan, ez da klub horretako kide, galdeketa hura behin bakarrik egiteko baimena eman ziolako Londresek.

Korsikarrek orain, agian, nahikoa edukiko dute autogobernu handiagoa lortzearekin, baina ondo etorriko zaie etorkizunean Argitasun Legearen babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.