martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eskozia, Mel Gibson, 2. zatia

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Eskoziak 2014an egin zuen independentzia galdeketa legalaren kasua paradigmatikoa da, independentzia bai independentzia ez bi aldeek erabili dutelako, bakoitzari zer komeni zaion.

Gure herrietako independentziaren aurkako gehienek —alegia, sekula onartuko ez dutenak erreferendum hitzartu bat egitea berme eta nazioarteko babes guztiarekin— Eskozia jarri ohi dute eredu. Hau da, metropoliak nahi ez badu —Londres, haien kasuan— ez da alde bakarreko bidea erabili behar, katalanok, Vicent, egin zenuten bezala.

Independentzia prozesuen aldekoek ereEskoziakoa jartzen dute eredu, baina justu kontrako arrazoiagatik: erreferenduma egiteko Londresek eta Edinburgok lortu zuten akordioak —eta Quebecekoak 1995ean— beste kasuetan ere posible izan behar duela.

Eskoziako gobernuburu Nicola Sturgeonek behin baino gehiagotan adierazi du beste erreferendum bat egiteko asmo sendoa. Maiatzean, Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak dauzkate, eta agindu du hauteskunde horietan botoen eta eserlekuen gehiengoa lortuz gero abiatu egingo dituela erreferenduma egiteko lanak, eta 2021a bukatu baino lehenago.

Erresuma Batuko politikan inork ez du espero Londresek —irakur bedi Boris Johnson lehen ministroak edota Westminsterreko legebiltzarrak— ostera ere baimena ematea Edinburgori beste erreferendum adostu bat egiteko, 2014koan eduki zuten sustoaren ondoren: %55,30ekin irabazi zuen ezezkoak. Orduko lehen ministro David Cameronek esan zuen erreferendum hura baimentzea izan zela bere bizitza politikoan egindako akatsik larriena.

Sturgeonek esan du adostuta edo adostu gabe egin egingo dutela erreferendum hori. Irrikan nago, hala gertatuko balitz, ikusteko nola egingo duten adostu gabekoa William Wallaceren ondorengoek, batzuei jausi egingo litzaiekeelako Eskoziako haien eredua.

Hasi da Mel Gibson zuzendaria Braveheart filmaren bigarren zatirako lokalizazioak eta aktore nagusiak aukeratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.