martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hizkuntza eredua auzitan

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Joan den astean «Galizia sakona» zen, eta aste honetan «hizkuntza eredua». Kataluniako Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du Llagosterako (Girona) eskola bateko hizkuntza egitasmoa, ez duelako bermatzen ikasle batek ikasgaien %25 gaztelaniaz jasotzea. Nahikoa izan da ikasle baten gurasoek salaketa jartzea, ez gela bateko gurasoen ehuneko indartsu batek. Vilaweb-en irakurrita jakin dugu, Vicent, Llagosterakoaren aurretik beste sei epai daudela sei eskolaren hizkuntza egitasmoak baliogabetuz, beti antzeko argudioarekin, alegia, gaztelania baztertzen dutela. Epaia, hori bai, katalanez kaleratu dute epaileek, inork susmorako aukerarik eduki ez dezan.

Hamarkadetan kontsentsu handia egon da Kataluniako hezkuntza sisteman katalana izateko komunikazio hizkuntza, hori delako modurik eraginkorrena, eta bakarra, bermatuko duena ikasleek erabateko gaitasuna edukitzea katalana erabiltzeko orduan. Murgiltze eredua esan zaio metodologia horri, eta urte askoan erreferentzia izan da, eta da, gutxitutako hizkuntzak berreskuratu nahi izan dituztenentzat.

Katalunian ez da, noski, eskola guztietan intentsitate berarekin aplikatu, egoera soziolinguistikoa ez delako berdina herri guztietan, baina eskola eragileek ez dute dudatan jarri printzipio nagusia: katalana da hezkuntza sistemaren hizkuntza.

Azken urteotan, aitzitik, pixkanaka baina etengabe testak egiten dituenaren estrategiarekin, alegia, presarik gabe eta zarata handirik atera gabe, ari dira iristen guraso batzuen salaketak Kataluniako auzitegietara, eta salaketa horien ondoriozko sententziak.

Gure herrian goraka doa euskara komunikazio hizkuntza daukaten eskolen kopurua baina, zorionez, inongo gurasori ez zaio bururatu eredua auzitara eramatea. Oraingoz. Besterik ez zuen behar bestela ere nahiko ahul dagoen euskarak.

Euskal Herrian, administrazio batzuk dira dekretuz euskarari mugak eta oztopoak jartzen dizkiotenak. Funtzionamenduan, hezkuntzan, lan eskaintzetan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.