Koronabirusa

Urkulluk ez du erabakirik hartu bozen inguruan, Erkorekak esan duenez

Gaurko bileran alderdien jarrerak ezagutu arte itxarongo du. Urkulluk bi txosten eramango ditu bilera horretara, «gogoetarako» oinarri gisa

Erkoreka eta beste hiru sailburu, kazetarien aurrean, atzo, Gasteizen. IREKIA.
gotzon hermosilla
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak ez du oraindik ezer erabaki Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruan, eta «entzun» egin nahi ditu alderdi politikoek esateko dituztenak, gai horretaz eztabaidatzeko gaur egingo duten bileran.

Apirilaren 5ean egitekoak ziren Eusko Legebiltzarrerako bozak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Urkulluk, alderdi politikoekin bilera egin ostean, deialdia bertan behera uztea erabaki zuen. Orain, bozak uztailean egiteko aukera mahai gainean jarri du Urkulluk, eta gaur bilera egingo du legebiltzarrean dauden indar politikoekin, jarrerak erkatzeko.

Erkorekak iragarri du Urkulluk bi txosten eramango dituela gaurko bilerara, «erabakirik egokiena hartzeko gogoetan» lagungarri suertatuko direlakoan. Bat izango da izurriak datozen asteetan izan dezakeen bilakaerari buruzkoa, eta bestea, txosten juridikoa. Hauteskunde deialdia bertan behera utzi zuten arren, legealdia berez ez dago amaituta, irailaren 25ean bukatuko baita. Txostenean agertzen da zeintzuk izango liratekeen ondorio juridikoak epe hori gaindituko balitz bozak egin gabe.

Joan den ostiralean Urkulluk emandako argudioak errepikatu ditu Erkorekak: esan duenez, adituek uste dute uztailean egon daitezkeela koronabirusaren kutsatzearen tasarik apalenak, eta litekeena dela izurria larriagotzea irailetik aurrera.

Gainera, Erkorekak uste du indarrean dagoen alarma egoerak ez duela zertan galarazi hauteskundeak egitea: «Alarma egoeran, oinarrizko eskubideek indarrean diraute, eta parte hartze politikorako eskubideak ere bai», esan du.

EPren ustez, «ez da egokia»

Alderdiek gaurko bileran azalduko dute euren jarrera, baina gehienek aurreratu dute zer irizten dioten hauteskundean uztailean egiteko aukerari. EH Bilduk astelehenean argitu zuen bere jarrera: haien ustez, orain ez da «hauteskundeez hitz egiteko garaia». Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategik, berriz, esan du ez dagoela «baldintzarik» bozak egiteko: «Ez da egokia, eta hanka sartzea litzateke».

Gorrotxategik zilegitasuna aitortu dio Urkullu lehendakariari hauteskundeetara deitzeko, baina erantsi du nahiago lukeela erabaki hori alderdi guztien adostasunarekin hartuko balu.

Haren ustez, hauteskundeak udan egiteak «kostua» ekar lezake «osasungintzaren ikuspegitik eta ikuspegi demokratikotik», eta Frantziako udal hauteskundeak aipatu ditu adibide moduan.

PPko Amaya Fernandezek, berriz, esan du gaurko bileran eskatuko diotela lehendakariari proposamena «adituen irizpideekin» arrazoitzeko, «ez baita nahikoa esatea uztaila dela bozak egiteko garairik onena». Urkulluk datu horiek aurkezten baditu, PP prest dago horiek aztertzeko, eta orduan emango du iritzia: «Hauteskundeen eztabaida osasunaren arloko irizpideen baitan egin behar da».

Zenbait hautetsi jeltzale, berriz, lehendakariaren proposamenaren alde agertu dira. Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak uste du uztailean egoera «normalizaturik» egongo dela eta, hortaz, hauteskundeak egin ahal izango direla. Jokin Bildarratz senataria antzera mintzatu da: «Ez dakit zergatik hitz egin daitekeen hondartzara, jatetxeetara edo tabernetara joateaz, eta ez hauteskundeak egiteaz». Haren ustez, «garrantzitsua» litzateke bozak egin ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.