Arrauna

Garaipena eta uzta ederra

Santurtzik denboraldiko bigarren bandera irabazi du Orion, Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian. Estropada eremu bihurrian hobekien moldatu den ontzia izan da 'Sotera'

Santurtzi, estropada amaitu berritan, atzo, Orion, Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian.. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Santurtzi zerbaitegatik da Eusko Label ligako egungo liderra: batetik, orain arte jokatu diren estropadetako talderik erregularrena izan delako eta ez duelako hutsik egin, beste guztiek ez bezala; bestetik, ordea, badu datu bereizgarri bat: atzo arte, bandera bakarra irabazia zuen Santurtzik, baina lau estropadetan lehena egin gabe. Bada, sasoiko bigarren bandera eskuratu zuen Iker Zabalaren taldeak, baita ligako estropada batean ontzirik azkarrena izatea ere, Orion (Gipuzkoa), denboraldiko bosgarren jardunaldian. Lorpen bikoitza, beraz.

Azkeneko txandan joan zen garailea, laugarren kaletik. Alboan, hurrenez hurren, Donostiarra, Hondarribia eta Zierbena joan ziren. Irteera eman orduko, hasierako txanpa indartsua eman eta gero, Santurtzi estropada buruan jarri zen, baina ez alde handiz. Hondarribia bi segundora zuen; Donostiarra, laura; eta Zierbena, nahi baino atzerago, zazpira. 16:35ean zen marea behean; beraz, ohorezko txandakoek itsaslaster handiagoa zuten, eta Juan Zunzunegiren taldeak gogotik sufritu zuen atzo lehenengo kale horretatik.

Lau ontziek kontuan hartu zuten Oriok bigarren txandatik markatutako denbora; izan ere, sekulako estropada egin zuen etxeko taldeak; nondik eta Zierbena joan zen kaletik. Ziaboga ematen lehena Sotera ontzia izan zen. Lau segundo gehiago behar izan zituen Hondarribiak ontzia biratzeko. Donostiarra laura heldu zen, eta Zierbena, hamarrera.

Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoak ontzia bultzatzeko. Bigarren luzean, Hondarribia une batean gainera etorri zitzaion Santurtziri. Zabalaren arraunlariak Mikel Orbañanosenak baino palada erritmo sarriagoan zihoazen: 36 eta 34 palada minutuko, hurrenez hurren. Dena den, Santurtzik segitzen zuen estropada buruan. Gorka Aranberri patroia, bere kuadrilla animatuz zihoan bitartean, ontziaren trapaldora igo zen, balantza gogortu eta olatuei ahalik eta zukurik gehien ateratzeko. Santurtzi Hondarribiarekiko ontzi bateko aldearekin iritsi zen bigarren ziabogara. Sotera traineruak lau segundo ondu zuen Orioren denbora.

Haizeak ipar-ekialdetik ahul jotzen zuen, baina lau ontziek alde zuten kanporanzko luzean. Hondarribiak ez zuen Santurtziren soka eteterik nahi. Baldintza horietan, bi taldeak dotore ari ziren arraunean, eta estropada bitan zegoen hautsita; bi ontzi horiek batetik; eta Donostiarra eta Zierbena, bestetik. Hirugarren ziabogan, Santurtzik Hondarribiari bost segundo ateratzen zizkion, eta Oriori hamar.

Bai Santurtzik bai Hondarribiak bazekiten azken luzean dena eman beharko zutela, Oriok azken luzea handia egin baitzuen. Olatuek laugarren kaletik lehenengora jotzen zutenez, Aranberrik eta Joseba Amunarriz Hondarribiko patroiak istribor aldera jotzeko erabakia hartu zuten. Zero kalerantz joan ziren erabat.

Santurtziren joaldia

Minutuak aurrera joan ahala, Oriorekiko zuten aldea txikitzen joan zen: zortzi segundotatik laura laburtu zen. Bitartean, Sotera traineruko arraunlariek hondarribiarrek baino lehenago altxa zuten erritmoa. Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zitzaien. Azken 300 metroetan, Santurtzikoek joaldi ikusgarria egin zuten, eta hanka egin zieten berdeei, garaipena lortzeraino. Orio etxeko taldea geratu zen bigarren, eta beraiengandik 50 ehunenekoetara Hondarribia helmugaratu zen. Hala, Zabalaren taldeak bi puntu gehiago ateratzen dizkio Orbañanosen taldeari: zortzi guztira. Donostiarra bosgarrena izan zen atzo; Zierbena, seigarren. Lehen hiru horiekin batera Urdaibai ariko da ohorezko txandan bihar (12:00, ETB 1), Getxon (Bizkaia).

Bigarren txandan, Donostiarra eta Zierbenarekin batera, Cabo eta Isuntza lehiatuko dira, atzo Lekeitiokoek zortzigarren egin zutelako lehen txandatik ondo irabazita. Lehen txandan, Ondarroa ariko da ligako apalenekin. Hain justu, Tiranek eta Aresek lehia estua izan zuten amaiera arte. Azkenean, Moañakoak gailendu ziren. Zarautzek ez zuen egun onik izan, eta sei puntura dauka orain Tiran azken-aurrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.