RAYO 1 ALAVES 5

Suziri bat bezala doa

Alavesek aise irabazi dio Rayori, Ibai Gomez bikain gidatuta. Jokalari bat gehiagorekin aritu da ia ordubetez. Hirugarren garaipena du erreskadan

Alaveseko jokalariak, atzo Vallecasen sartu zuten lehen gola ospatzen; Ximo Navarrok egin zuen. VICTOR LERMA / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: X. Navarrok (7. min.). 1-1: De Tomasek (29. min.). 1-2: Ibaik (33. min.). 1-3: Callerik (55. min.). 1-4: Ibaik (77. min.). 1-5: Burguik (92. min.). Epailea. Cordero Vega. Txartel gorria Rayoko Abdoulayeri (33. min.). Horia Rayoko Imbulari, eta Alaveseko Duarteri eta Martini. Bestelakoak. 13.000 ikusle inguru Vallecasen.

Ametsetako sasoi hasiera ari da egiten Alaves. Zehazki, Lehen Mailan inoiz eginiko onena. Ligako lehen bost jardunaldiak jokatuta, dagoeneko hamar puntu ditu zakuan Arabako taldeak. Atzo, hirugarren garaipena kateatu zuen, eta ez edonola, bost gol sartu baitzizkion Rayori bere zelaian. Askorentzat ez da ikusgarria izango Abelardoren jokamoldea, baina, harekin, arabarrak ezin lehiakorrago ari dira. Atzoko neurketa horren erakusgarri izan zen.

Atzo, Ibai Gomezen legea nagusitu zen berriro: bizkaitarrak gola sartzen badu, ia ziurra da garaipena Alavesentzat. Hamahiru lehiatan sareratu du baloia, eta horietatik hamabi irabazi ditu Arabako taldeak; azkena, atzo, Rayoren zelaian. Bi gol sartu zituen: lehenik, 1-2koa egin zuen, atsedenaren aurretik, eta, gero,1-4koa, partidaren azken txanpan. Beste behin, erabakigarria izan zen hegalekoaren ekarpena, bai golengatik, bai defentsan Ximo Navarrori laguntzeko egin zuen lan eskergagatik.

Bistakoa denez, bolada oso onean da Alaves, eta, halakoetan, ia oharkabean iristen dira golak. Rayo hasieratik saiatu zen komeni zitzaion gidoia ezartzen; alegia, baloia bere egin, eta erritmo handia jarri zuen. Aurretik jartzear egon zen 4. minutuan: Alvaro ate aurrean bakarrik gelditu zen alboko sake azkar batetik sortutako jokaldian, baina aurrelariak Pachecorekin egin zuen topo. Barkatu egin zuen, Alavesek ez bezala. Lehen aukera garbia barrura bidali zuen, 7. minutuan. Jonyk faltaz erdiraketa indartsua egin, eta lehen zutoinean dotore errematatu zuen Navarrok.

Zertzelada tekniko bikainak izan ziren lehen zatian. Nolanahi, ikusgarritik gutxi izan zuen Raul de Tomasek 29. minutuan sarturiko golak. Laguardia jota zuen jaurtiketa baten aldaratzea ehizatuta sartu zuen banakoa aurrelariak. Merezi zuten gola etxekoek, erasoan arabarrak baino gauza gehiago ari baitziren egiten; haatik, gutxi iraun zien pozak,33. minutuan Ibaik berriz ere aurretik jarri baitzuen Alaves. Jonyk kontraerasoa gidatu, baloia Ibairi eman, eta areaz kanpoko jaurtiketa neurtu eta geldiezin batekin gainditu zuen atezaina.

Gupidarik gabe

Neurri handi batean, orduan erabaki zen norgehiagoka, jokaldi berean txartel gorria ikusi baitzuen Abdoulaye Bak. Epaileak VAR sistemaren bidez ikusi zuen erdiko atzelariak ukabilkada bat eman ziola Calleriri, eta bitan pentsatu gabe kaleratu zuen. Zigor bikoitza izan zen Rayorentzat.

Kementsu ekin zion bigarren zatiari Rayok, lehia ahalik eta azkarren berdindu nahian; aitzitik, nabaritu egin zuen bat gutxiagorekin aritzea. Aurkariaren nekea gozatua hartzeko profitatu zuten arabarrek. Hirugarren gola Callerik sartu zuen, 55. minutuan, Guidettiren erdiraketa bat buruz maisuki errematatuta; laugarrena, Ibaik, 76. minutuan, kontraeraso bati ginga jarriz; eta bosgarrena, Burguik, luzapenean, areaz kanpoko jaurtiketa indartsu batekin. Azken gol horrek ondo irudikatzen du Alavesen gosea, ordurako lehia erabakita baitzegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.