Union Berlin futbol taldea

Zaleen odolari esker

Zaleekin eta auzoarekin duen harremanagatik, Alemaniako goi mailako kluben artean bereziena da Union Berlin. Laugarren sasoia baino ez du Bundesligan, eta, Europarako sailkatzeaz gain, Bayern Munichi lanak ematen ari zaio ligan.

CLEMENS BILAN / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Berlingo hego-ekialdean dagoen Kopenick langile auzokoa da Union Berlin futbol taldea. Altzairuaren sektorean lan egiten zuten auzoko langile batzuek sortu zuten Olympia Oberschonewide kluba, Union Berlinen aitzindaria, 1906an. Hasieratik auzoari eta bertako jendeari oso lotuta egon da taldea. Hainbeste ezen 2004an, taldeak diru behar larria izan zuenetako batean, zaleek odola eman baitzuten klubarentzat dirua lortu ahal izateko: Unionengatik odola isuri deitu zioten marketin kanpainari. Zaleen odolari esker bizi da, beraz, kluba, zentzu literalean zein metaforikoan. Aurki izango dira Gabonak, eta, beste behin, gabon kantak abesteko ere zabalduko dute estadioa. Goi mailako futbola eta zaleak geroz eta urrunago dauden honetan, horrelako beste adibiderik ez dago.

Alemaniako hiriburuko hego-ekialdeko taldea izanik, 1989an Berlingo harresia erori zen arte, Alemaniako Errepublika Demokratikoko ligako parte izan zen, eta Dinamo Berlin zerbitzu sekretuen taldea izan zen haren etsai handiena. Egun, bata Bundesligan dago, eta bestea Laugarren Mailan. Hori horrela, Hertha Berlin da orain altzairugileen aurkari nagusia. Intertoto kopa bat eta Alemaniako kopa bat irabazi arren, ez da sekula talde irabazle edo handia izan. 2018-2019ko denboraldian igo zen historian lehen aldiz Bundesligara, eta lau denboraldi hauetan hobetuz joan da: 11. postuan amaitu zuen lehen sasoian, eta zazpigarren eta bosgarren izan da azken bi denboraldietan, hurrenez hurren.

Urrats bat gehiago egin du denboraldi honetan, eta herenegun arte Bundesligako lehen postuan zegoen —Bayer Leverkusenen aurka 5-0 galdu zuen—. «Amaierara arte ligan lehiatzeko gai izango garen? Ez da erraza. Partida asko falta dira, eta liga lehia handikoa da. Hurrengo partida baino ez dugu buruan», dio Diogo Leite (Porto, Portugal, 1999) taldeko jokalariak. Portok utzita ari da Union Berlinen. «Oso pozik nago hemen, eta eskertuta eman didaten guztiagatik. Momentuaz gozatzen ari naiz».

Kluba berezia bada, auzoarengatik eta bertako jendearengatik da berezia. «Oso jende jatorra dago hemen. Kopenick oso auzo langilea da, eta hori nabaritzen da klubean. Jendeak asko gozatzen du futbolaz. Adibidez, partida hasi baino hiru ordu lehenago jende andana elkartzen da estadio inguruan. Giroa itzela da kanpoan, eta pentsa zelai barruan. Kluba eta zaleak oso gertukoak dira».

Basoaren atarian

Alten Forsterei zelaian jokatzen du Union Berlinek. Alemanez, zaindariaren etxe zaharra esan nahi du, gutxi asko. Izan ere, Berlingo basoetako baten atarian dago zelaia. Klubak 16.000 bazkide zituen 2017an, eta 45.000ren langa gainditu du aurten. Dena den, harmailetan 22.000 lagun baino ez dira sartzen, eta gehienek zutik ikusten dute neurketa, zelaiaren zati batean baino ez baitaude eserlekuak. «Zelaia ere berezia da. Harmailak beti lepo beteta daude, eta beroketa egitera ateratzen garenean jada estadioa beteta ikus dezakezu. Ikaragarria da: bizi izan dudan girorik onenetakoa da. Ez du axola ondo edo gaizki jokatzen ari garen: zaleak beti laguntzeko eta animatzeko prest daude. Austrian denboraldiaurreko egonaldia egin genuenetik nabaritzen dut babes hori. Horrek gehiago motibatzen gaitu irabazteko, garaipena eurei eskaini nahi baitiezu», nabarmendu du jokalari portugaldarrak. Hauxe da loturaren beste adibide bat: 2008ko maiatzetik 2009ko ekainera, zaleek euren kabuz egin zituzten Alten Forstereiko zaharberritze lanak.

Auzoko langileek lan egiten duten lantokietan ekoitzitako burdina bezain gogorra eta sendoa da Union Berlin taldea zelaian. Urs Fischer entrenatzaile suitzarraren joko ideia oso argia da: atzealdean gogorrak izan, eta joko zuzen eta trantsizio azkarrei esker aurkariari min egin.

Ideia horri jarraikiz, Konferentzia liga jokatu zuten aurreko denboraldian, eta Europa ligan ari dira sasoi honetan —Ajaxen aurka jokatuko dute final-hamaseirenetako kanporaketa—, Bundesligan lehiatzen ari direla ahaztu gabe. «Talde honetan mundu guztiak defendatzen du, eta guztiak goaz erasora. Oreka ona duen talde sendo eta oldarkorra gara. Entrenatzailea arrakastaren zati handi bat da», azpimarratu du Leitek.

Utzita ari da Union Berlinen, baina Alemaniako taldeak jokalaria erosteko aukera dauka denboraldia amaitu aurretik. «Hirira eta, bereziki, hizkuntzara egokitu behar izan dut, baina erronka horretaz ere gozatzen ari naiz. Oso erraza izan da egokitzea».

Ez zuen zalantzarik izan Union Berlinera joateko aukera eman ziotenean: «Erronka zirraragarria iruditu zitzaidan. Etorri aurretik, zaleen bideo batzuk ikusi nituen, baina espero baino hobea izan da». Eisern Union klubaren ereserkiaren izenak dioen bezala, zaleen eta klubaren burdinazko batasun hori apurtu ezean, litekeena da Berlinen agintzen jarraitzea. Eta batek daki: agian, noizbait, baita Bundesligan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.