Elur Alberdi

Bigarren gaztaroan dago

Duela hiru urte lehiara bueltatu ostean, Alberdik Munduko Txapelketa irabazi du arraun egokituko PR3 scull mistoaren modalitatean. Lortutakoa ‹‹izugarria›› dela dio. Orain, begia jarria du 2024an Parisen egingo diren Paralinpiar Jokoetan. Etxetik gertu izanda, «ametsa» da harentzat han parte hartu ahal izatea.

Elur Alberdi, atzean, Laruent Cado taldekidearekin batera. ELUR ALBERDI.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Garai «oso gozoa» bizitzen ari da Elur Alberdi (Hondarribia, Gipuzkoa, 1977), eta ez da gutxiagorako: arraun egokituko PR3 scull mistoaren modalitatean Munduko Txapelketa irabazi du, Laurent Cadot taldekidearekin batera. 45 urte ditu, eta elbarria da 2009an izan zuen istripu baten ondorioz. «Bigarren gaztaro bat» bizitzen ari dela dio. Aurrez arraunean ibilitakoa zen. Baina hogei urtez egon zen arraun mundutik kanpo, eta orain dela bizpahiru urte ekin zion berriro ere. Egun Hendaiako Endaika arraun elkartean entrenatzen da.

Munduko Txapelketa Txekiako Errepublikako Racice herrian izan zen. Domina lortzeko «esperantza» zuten arren, ez ziren fio: «Brasildarrek bizpahiru aldiz irabazi dute Munduko Txapelketa azken urteetan. Indartsuak ziren, baina finalean presioa izan zuten. Arraunkada batzuk txarto egin zituzten, eta guk gure erritmoa jarri genuen. Aitzinetik hartu genien aurre».

Parisko Paralinpiar Jokoetan lehiatu ahal izango da lehen aldiz, PR3 scull mistoaren modalitatean. Aurrez Jokoetan ez zegoen bikoteka aritzeko kategoria hori, eta Tokioko Jokoetatik aitzin iragarri zuten modalitate horretan lehiatzeko aukera egongo zela. Alberdik, beraz, denbora gutxi izan du modalitate berrian trebatzeko, eta nabarmendu du Munduko Txapelketa irabazi izana «izugarria» dela. Txapelketara joan aurretik, soilik hamar-hamabi egun entrenatu zen Cadotekin.

Jada Paris du jomuga: «Beti aurrera egiten dut. Behin zerbaitetan hasten naizela, helburu bat behar dut, eta lehen xede horrek eramaten nau bigarrenera, eta ondoren hirugarrenera. Orain helburua da Parisko Jokoetara joatea; amets bat litzateke. Horretarako datorren urteko Munduko Txapelketan lehenengo bost sailkatuen artean geratu beharko dugu».

Istripu larria

Alberdirentzat berezia izango da Parisko Paralinpiar Jokoetan parte hartzea, etxetik gertu dagoelako: «Imajinatu zer den semeak Parisera eramatea, ama Jokoetan nola lehiatzen den ikusteko. Izugarria litzateke familia eta lagunak han egotea».

Hondarribian eman zituen lehen pausoak arraunean. Baionan ere aritu zen, eta bertan izan zen Frantziako txapeldun 1998an. Gerora, «nekatu» eta uztea erabaki zuen. Familia —hiru seme ditu?, lana eta kirola uztartzea ez da lan erraza.

2009a, ordea: istripua izan zuen, eta lau ebakuntza egin ondotik, eskumuturrik gabe geratu zen. Betirako iltzatuta izango du une hura, baina burua makurtu ordez, aurrera egitea erabaki zuen: «Bizitza asko aldatzen zaizu. Baina elbarritasuna izateak lagundu dit bizitza beste modu batera ikusten, oztopoak gainditzen, eta aurrera egiten».

Hala, duela hiru urte herri kiroletan lehiatzen hasi zen. Horrez gain, boxeoan ere aritzen zen Urruñan (Lapurdi), semeetako batekin. Orduan, erabaki zuen ergometroan lehiatzea. Duela bi urte Espainiako eta Frantziako Txapelketak irabazi zituen 500 metrokoan. 2.000 metrokoan ere Espainiako txapelduna izan zen, eta Frantzian bigarren postuan geratu zen.

Frantziako eta Espainiako selekzioek deitu egin zioten hautaketa probak egin zitzan. Frantziarekin lehiatzea erabaki zuen, besteak beste erosoagoa zelako familia eta lan kontuengatik. Aurten Frantziako Txapelketan lehiatu da, eta 500 metrokoan irabaztea lortu zuen, errekor pertsonala hautsiz. 2.000 metrokoan bigarren geratu zen.

Garaipenak nekez erdiesten dira esfortzurik gabe; goi mailako kirolak konpromisoa eta denbora asko eskatzen baitu. Alberdik badaki hori; aste barruan egunero entrenatzen da, eta batzuetan entrenamendu bikoitza egiten du. Egunean gutxienez ordu bat aritzen da, eta nabarmendu du entrenamenduei denbora eskaintzea garrantzitsua den bezala, ezinbestekoa dela denbora hori eraginkorra izatea:«Batzuetan ez dakit nola egiten dudan denera ailegatzeko, baina badakit lan gogorrak saria duela. Orain arte egindako esfortzuak merezi izan du».

Hemendik gutxira goi mailako kirolari izateko zerrendan sartuko da, eta horrek ahalbidetuko dio laneko ordutegia moldatzea, ordu gutxiago egin ditzan. Horri esker, gehiago entrenatzeko astia izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.