Olatz Arrizabalaga

Zuhurtzia lehen koadroetan

Azken urteetan bikain aritu da Olatz Arrizabalaga kantxako aurreko koadroetan. Egindako lanari esker, laugarren txapela jantzi du binakakoan, aurten, eta buruz burukoa irabaztea da aurrelariaren helburu nagusietako bat.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Azken urteetan gorakada nabarmena izan da pilotan. Geroz eta emakume gehiago daude kantxan, eta, lehia bizi horretan, emaitza bikainak lortu ditu Olatz Arrizabalagak (Gautegiz Arteaga, Bizkaia, 1997). Duela aste batzuk laugarren txapela lortu zuen binakakoan, oraingoan Uxue Osesekin batera. Sasoi gozoan da aurrelari bizkaitarra, eta orain arte egindako lanaren ordaina jasotzen ari da egun.

Aste batzuk pasatu dira Arrizabalagak binakako txapelketa irabazi zuenetik. Oso partida «ona» izan zela dio aurrelariak, eta «oso oroitzapen politak» ditu. «Master Cupeko txapelketa guztiak dira bereziak. Mimo askorekin entrenatzen gara denetarako, baina urteko lehenengo helburua betetzea oso polita da. Oso egun ederra izan zen, eta frontoia beteta dagoela irabaztea oso ederra da». Laugarren txapela irabazi du bizkaitarrak diziplina horretan, baina, hala ere, orain arte ez omen zitzaion binakakoa gehiegi gustatzen: «Lehen uste nuen ez zela niretzako diziplina egokiena. Aurrelaria izanda, gehiago gustatu izan zaizkit buruz burukoa edo lau eta erdikoa, eta binakakoan ez nuen nire lekua topatzen». Gustuko ez duzun diziplina batean behin eta berriro onena izatea ez da makala, baina, joan den urtetik hona, «txipa aldatu» duela nabarmendu du Arrizabalagak: «Partida nola jokatu behar dudan ikasi dudala uste dut, hori asko landu baitut entrenamenduetan, eta azken urte honetan asko disfrutatu dut binaka aritu naizen bakoitzean».

Orain arte lortu duen guztia lortzeko fisikoki ondo prestatu behar izan du Arrizabalagak, baina taktikoki eta psikologikoki ere lan handia egin du azken urteetan. Bere burua aztertzea gustatzen zaio, eta, horretarako, bere partidak ikustea gustatzen zaio. «Asko ikasten da horrela. Bai gure neurketak telebistaz ikusita, baita beste edozein pilota partida ikusita ere. Gero, entrenamenduetan, prestatzailearekin hitz egiten dut partidan gaizki eta ondo egindakoez. Perfekzionista naizela esango nuke, baina akatsetatik ikasita, lasaitasun puntu batekin jokatu dut azkeneko urtean». Bestalde, fisikoki, teknikoki eta taktikoki egin beharrekoez ahaztu gabe, psikologoarekin ere aritu da lanean frontoian eman dezakeen errendimendua hobetzeko. Haren iritziz, «beste perspektiba batetik» ikusten du pilota orain. Oraindik «tabua» den arren, goi mailako kirolean lanketa mentalak «beharrezkoa» izan beharko lukeela iruditzen zaio: «Psikologoarekin lan egiteak erabat aldatu du nire jokoa. Duela pare bat urte ez nuen asko gozatzen pilotan. Azken finean, emakumeen pilota oso denbora gutxian hazi da, eta presio askorekin jokatzen genuen. Beti sentitzen nuen zerbait erakutsi behar nuela, eta askotan nik neuk jartzen nion presioa neure buruari».

Buruz burukoa begiz jota

Hurrengo erronka buruz burukoa izango du Arrizabalagak. Oraindik zenbait txapelketa jokatuko dituzte irailera bitarte, baina dagoeneko buruan daukan txapelketa da. Hori da oraindik irabazi ez duen txapel garrantzitsu bakarra, eta txapel beltza eskuratzea du helburu: «Buruz burukoak beti egin izan dit ilusio berezia. Joan den urtean pena handiarekin amaitu nuen urtea; oso urte ona izan zen arren, buruz buruko finala galdu nuelako. Prestatzaile fisikoarekin eta entrenatzailearekin hitz egin dut jada, eta, oraindik urruti badago ere, arantzatxo hori atera nahi dut».

Final hura Amaia Aldairen aurka galdu zuen. Azken urteetako final gehienetan elkarren aurka aritu dira, eta horrek «autoexijentzia maila igotzea» dakar. Elkarrekin entrenatzen dira Bizkaian jaiotako bi aurrelariak, eta, aurkariak izateaz gain, oso lagunak dira. «Beti finaletan gaude, eta elkarrekin entrenatzen garenez, biok hobetzen dugula esango nuke. Biak oso lehiakorrak gara, ez gara finalera heltzearekin soilik konformatzen. Gero beti dago elkarren arteko lehia hori, entrenamenduetan ere ez zaigula elkarren aurka galtzea gustatzen, baina ikasi dugu hori ondo kudeatzen. Hor ere egon zen psikologoaren lana».

Emakumeen pilotaren egoera ere aztertu du aurrelariak. Azken urteetan izandako gorakada «aurrerapauso itzela» dela aitortu du Arrizabalagak, baina oinarri finko bat falta dela uste du. «Etorkizunean zerbait egin nahi badugu, oinarri sendo bat behar dugu atzetik datozenentzat. Neskak badaude, baina haientzat ez dago egiturarik. Egitura horrek emakumeen pilotaren normalizazioa ekarriko luke. Lan handia egin da orain arte, baina asko daukagu egiteko. Oraindik hasi baino ez gara egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.