Hegoafrika

Irabazi, eta berriro irabazi

Hegoafrikak laugarren aldiz eskuratu du Errugbiko Munduko Kopa, Zeelanda Berria 11-12 mendean hartuta. Oso lehiatua izan zen larunbateko finala. Jokatu dituzten final guztietan gailendu dira 'Springboks'-ak, eta munduko selekziorik loriatsuena da orain afrikarra.

Hegoafrikako errugbi selekzioko jokalariak, larunbatean, Munduko Kopa irabazi zutela ospatzen. YOAN VALAT / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
Hegoafrikako selekzioak laugarrenez jaso zuen larunbatean Webb Ellis kopa, beste horrenbeste final jokatu ostean. Afrikarrek on egin zuten haietaz esaten dena: «Hegoafrikak ez ditu finalak jokatzen, irabazi egiten ditu». Lautik lau. Garaikur horrekin, gainera, finalean aurkari izan zuen Zeelanda Berria gainditu zuen, titulu gehien dituen selekzioaren lehian. Orain Springboks-ak dira munduko selekziorik loriatsuena errugbian.

Azken bost Munduko Kopetatik hirutan nagusitu dira hegoafrikarrak. Azken biak erreskadan. Siya Kolisi kapitainak argi utzi zuen lorpen horrek zenbat balio zuen eurentzat: «Arazo asko dituen herrialdea da gurea, eta guk, kirolariok, gure herrikideak inspiratzeko pribilegioa daukagu. Jokalari batzuk nekazari eremuetatik datoz, eta sekula ez zuten imajinatuko gaur hemen egotea. Gauza askorengatik lehiatzen gara, baina denok batzen gaituena Hegoafrika da». Hori izan da haien indarra.

Historiako bi selekziorik indartsuenak izan ziren aurrez aurre finalean. Bi herrialdeek errugbizale amorratuak, bizi egiten dute errugbia batzuk zein besteek, baina tronuan bakar batentzako tokia besterik ez zegoen. Han goian esertzeko egin zuten borroka epikoa izan zen. Bi estilo ezberdinek egin zuten topo Stade de France estadioan, iragan larunbatean. Batetik, Zeelanda Berriaren joko bizi eta azkarra; eta, bestetik, Hegoafrikaren intentsitatea eta sendotasuna. Ozeanikoak tsunami baten modura ibili dira ia txapelketa osoan. Finalerdietan Argentina hankapean erabili zuten: 6-44 irabazi zioten. Hala, 325 puntu sartuta iritsi ziren All Blacks-ak final handira. Afrikarrak, berriz, haien erara lortu zuten sailkapena, sufrituta, bai final-laurdenetan, baita finalaurrekoetan ere. Lehenbizikoan 28-29 irabazi zioten Ingalaterrari, eta bigarrenean 15-16 Frantziari.

2019ko finalean hasierako hamabostekoan izandako hamar jokalarirekin zelairatu ziren Springboksak. Eskarmentu faltarik ez zuten izan, beraz. Halere, txapeldun izateko majo sufritu behar izan zuten neurketa osoan. Partida oso gogorra izan zen. Hegoafrikarren joko fisikoa eta itxia Zeelanda Berrikoen joko irekiari nagusitu zitzaion. All Blacksek finalaren zati handi bat hamalau jokalarirekin jokatu behar izan zuten.

Borroka estua

Lehia hasi eta bi minutura, epaileak Shannon Frizzelli txartel horia erakutsi zion, hamar minuturako kanporatuz. Frizzell zelaira itzuli eta ordu laurdenera,Sam Cane kapitainak jaso zuen zigorra. Hasieran, bere taldekidearen zigor bera jaso zuen; baina, jokaldia TMOan berrikusi eta gero, txartel gorria erakutsi zioten, aurkariari min egiteko arrisku handia zegoelako. Nahasmen horretan, hegoafrikarrak 6-12ko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira, Handre Pollarden lau ostikoei esker.

Bigarren zatia Kolisi jokalari hegoafrikarrarentzako txartel hori batekin hasi zen. Zeelanda Berriak berehala hartu zuen partidaren aginte makila, eta hamalau hamalauren aurka aritu ziren hamar minutu horietan ataka larrian izan ziren Springboksak. Aaron Smithek entsegu bat lortu zuen All Blacksentzat, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen. Handik gutxira, baina, arantzatxoa kendu zuten. Beauden Barrettek entsegua lortu zuen, eta bere taldea puntu bakar batera hurbildu zuen (11-12). Richie Mo'ungak ozeaniarrak markagailuan aurretik jartzeko abagunea izan zuen, baina uztartzean ez zuen baloia bi zutoinen artetik pasatzea lortu.

Norgehiagoka iraultzeko ahalegin betean aritu ziren zeelandaberritarrak, baina bikain eutsi zieten hegoafrikarrek aurkarien oldarraldiei. Horrelako egoeretan trebeak dira, ederki asko moldatzen dira neurketa itxietan. Irabazi dituzten lau txapelketetako finaletan bi entsegu baino ez dituzte erdietsi. Puntu kopuru handirik ez, baino balio handi dute lortzen dituztenek. Bere jokalarien eskarmentua nabarmendu zuen Jacques Nienaber teknikariak neurketa amaieran: «Esperientziak asko lagundu digu. Gaur jokatu duten asko 2018ko finalean izan ziren, eta jokalari batzuentzat hirugarren Munduko Kopa izan da. Talde ikusgarria da, borrokalariz betetakoa. Denek maite dute Hegoafrika».

Sofatik Parisera

Finaleko izarra, Pollard, hasiera batean ez zegoen Hegoafrikako deialdian. Ekainean min hartu zuen, eta txapelketa garrantzitsu batzuk galdu ostean, Nienaberrek zerrendatik at uztea erabaki zuen. Munduko Kopa hasi eta gutxira, baina, Malcom Max ordezko orpokatzailea lesionatu egin zen, eta haren ordez Pollard eraman zuten. 29 urteko zabaltzailea protagonista izan da, eta hein batean, hari esker lortu dute laugarren garaikurra. Txapelketan jaurti dituen hamahiru ostikoak sartu ditu.

Finalaurrekoan Ingalaterra garaitzeko balio izan zuten azken hiru puntuak erdietsi zituen; finalean, berriz, bere taldearen puntu guztiak sartu zituen. Denak harrituta utzi ditu, bere burua izan ezik. Partida amaieran hau esan zuen: «Zelaian zaudenean dena normala da, ez da ezer berezia izan. Azken finean, errugbia besterik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.