Mikkel Hansen

Harririk gogorrena ere puska daiteke

Eskubaloiaren izarrik distiratsuena da Mikkel Hansen: irabaz daitekeen ia guztia irabazi du, eta 1,96 metroko eta ehun kiloko harritzarra da. Estresak jota, jokatzeari utzi dio, atseden hartzeko, eta ez du eperik zehaztu. Ez da hori egin duen lehen kirolaria. «Sasoiz eta buruz oso indartsuak izan arren, hezur-haragizkoak dira», dio Unai Arrieta kirol psikologoak.

JOHAN NILSSON / EFE.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Eskubaloiak izarrik baldin badu, Mikkel Hansen da hori (Helsingor, Danimarka, 1987): irabaz daitekeen ia guztia irabazi du. Baina hilabete darama jokatu gabe. Estresak jota, atseden hartzea erabaki du, epe jakinik gabe. «Munduko Txapelketa bukatuta, erabakirik zuzenena hartu dugu: Mikkelek sendatzeko behar duen denbora eta laguntza profesional guztia izatea nahi dugu. Bere burua eta familia zaintzea da orain garrantzitsuena», esan zuen Jan Larsenek, Aalborgen, Hansenen taldearen zuzendari nagusiak.

Inor gutxik espero zuen. Hansenek Munduko Txapelketa jokatu berri zuen, bikain jokatu ere: haren lana erabakigarria izan zen hura eta Danimarka hirugarren aldiz txapeldun izan zitezen. Beste lorpen bat gehiago zen haren palmares ikusgarrian: Europako txapeldun izan da, eta Jokoetan ere bai; gainera, hirutan aukeratu dute munduko jokalaririk onena.

Taldeko buruak azaldu zituen arrazoiak. «Mikkelek oso urte bizia izan du: lehenbizi, lesio larria izan zuen belaunean, eta, min hartuta zegoela, enbolia bat izan zuen biriketan; gero, Parisen hamar urtez jokatu, eta klubak izandako makina bat aldaketa bizi ondoren, etxera itzuli zen familiarekin; eta, azkenik, Munduko Txapelketa irabazi berri du». Hau da:ez zen arrazoi bakarraren ondorioa, bat baino gehiagorena baizik.

«Ohikoa da hori», azaldu du Unai Arrieta eskubaloi jokalari ohi eta kirol psikologoak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981). «Ez du zertan arrazoi jakin bat egon; askotan, tantaz tanta betetzen da edalontzia, eta, azkenean, gainezka egiten du, eta kirolariak zerbait egiteko beharra nabaritzen du: adibidez, gelditu, atseden hartu, eta profesional baten laguntza eskatzekoa; askotan gertatzen da hori, eta, ziurrenik, Hanseni ere hori gertatu zaio».

Arrietaren iritziz, zerikusi handia du horrek alor psikologikoa «subjektiboa» izatearekin. «Bi pertsonak oso desberdin bizi dezakete egoera bera: bati izugarrizko sufrimendua eragin diezaioke; eta, beste bati, aldiz, ez. Egoerari nola aurre egiten zaion; hortxe dago koska; batzuetan, ez zaio behar bezala aurre egiten. Beharbada, Hansenek ez dio modurik aproposean heldu orain goi mailako kirolak barruan duen presio eta estres handiari».

Ez da gorenean egonda buruari atseden ematea erabaki duen lehen kirolaria. Simone Biles gimnasta estatubatuarra, Naomi Osaka tenislari japoniarra, Tom Dumoulin txirrindulari herbeheretarra... Luzea da zerrenda. Duela bizpahiru urte eskaseko joera da kirolarien osasun mentalaren garrantzia ikusaraztea. Arrietak argi du: aurretik, «ezkutatu» egiten ziren halako egoerak. «Kirolean, beti egon dira presioak eta tentsioak eragindako egoerak, baina, lehen, kirol psikologia ez zegoen zabaldua, eta psikologoarengana joatea ez zen ontzat hartzen. Horren ondorioz, kirolari askok, nahiz eta benetan osasun mentalaren inguruko arrazoiengatik jokatzeari utzi, beste motibo batzuk aipatzen zituzten; lesio bat zutela, adibidez. Baina, azken urteetatik hona, aldaketa handia izan da, eta askok azaldu egiten dituzte euren ondoezak; sare sozialek lagundu dute horretan. Horri esker, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio osasun mentalari».

Gaia normaltzeko beharra

Arrietak berriro nabarmendu du goi mailako kirola «oso estresagarria» dela, eta horretan ari direnak «fisikoki ez ezik, psikologikoki ere indartsuak» izan ohi direla. «Baina horrek ez du esan nahi bolada jakin batean, lesio fisiko bat duten bezala, ezin dutenik ondoez psikologiko bat izan. Zorionez, egun, askok ausardiaz kontatzen dituzte halakoak, eta ona da, kirolari horiek eredu izaten baitira. Oso ona da goi mailako kirolariek nabarmentzea denok garela gizakiak, hezur-haragizkoak, eta ahuleziak ditugula, sufritu egiten dugula. Urte askoan, superheroien itxura eman nahi izan zaie kirolariei: esaten zen ez zirela zaurgarriak, hauskorrak. Eta badira, noski!».

Baita Hansen bezalako harritzarra ere: 1,96 metro da luze, ehun kilo pisatzen ditu, eta urteak daramatza ateak dardararazten. «Baina hau gertatu zaiolako ezin da haren gaitasun psikologikoa dudan jarri. Sekulakoa du; bestela, ezinezkoa litzateke horrenbeste urtean talderik onenetan aritzea. Hain ona izateko, une erabakigarrienetan horren maisuki aritzeko, nahitaez izan behar dituzu sekulako dohain psikologikoak. Eta Hansenek baditu. Baina berriro diot: hezur-haragizkoa da, sufritzen du, eta haren edalontziak gainezka egin dezake».

Eta nola jokatu gertatzen denean? Bakoitza desberdina da, baina badaude egin beharreko zenbait pauso. «Lehenbizi, gelditu, eta estresa eragiten duten egoerak kendu; eta, gero, pixkanaka, horiek txertatu, haiei aurre egiten hasteko. Helburua da egoera horiei beste era batean aurre egitea, ez hain era estresagarrian. Ikaskuntza prozesu bat da, hainbat estrategia eta teknika ikasten baitira: emozioen eta arretaren kontrola. Egoerak nola interpretatzen dituzun da garrantzitsuena».

Eta aurrera egin daiteke? «Bai, dudarik gabe, eta are gehiago goi mailako kirolaria izanda. Horrenbeste urtean punta-puntan aritu badira, sekulako gaitasunak dituztelako da; beraz, ziurrenik, aurrera egiteko gaitasuna izango dute. Hasieran, duda izan dezakete bere buruarekin, eta onartu beharko dute ez direla superheroiak. Baina behin hori onartuta, azkar osatzen dira. Are, askotan, hobeto aritzen dira, eta hobeto kudea ditzakete lehen traba zitzaizkien egoerak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.