Kulturen elkargune

'Musikaren Eguna' izenpean, euskal kultura eta beste herrien kulturak elkarretaratzeari eskainiko diote asteburua Urdiñarben

Group Doueh & Cheveu. BORN BAD RECORDS.
garbine ubeda goikoetxea
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Bil Xokoa elkarteak antolaturik, Musikaren Eguna iraganen da Urdiñarben (Zuberoa), asteburu osoan. Euskal kultura eta munduko beste herrien kulturak elkarretaratzea xede duen festibalak egitarau oparoa dakar aurten ere, eta, ohikoa denez, beste hainbat kultur arlo hartu ditu kontuan, musikaz gainera. Adibidez, zinema eta artea.

Gaur, larunbata, Xiberoko dantza jauzien primaka edo lehiaketa iraganen da herriko plazan.Parte hartzaileak, aitzindari taldea denak, buruz buru arituko dira epaimahaiaren aurrean. Hamar talde izango dira guztira. 1980ko hamarkadaz geroztik ez da halako lehiaketarik egin. Ondoren, eta Ezpela taldeak alaiturik, zintzur bustitzea izango da: pintxoak eta aperitifak.

Aire berria tradizioari

Gaueko bederatzietan, Oihaneko zuhainetan sorkuntzari emango zaio bidea. Bertako kantariek kanpotik heldutako musikariekin bat eginik, kontzertu berezia eskainiko dute. Besteak beste, Arño Bidalun, Niko Etxart, Maddi Oihenart, Laura eta Lea Etxegoien, Maider, Maialen eta Beñat Larrori, Maika eta Mixel Etxekopar eta Luzien Larraus arituko dira kantuan.

Oihaneko zuhainetan Oihan Oliarj-Ines musikari zuberotarraren proiektua da, aurki disko bikoitz gisa plazaratuko dena. 2016an, bertako 11 kantari eta zortzi musikari batu, eta grabazioa ondu zuten Urdiñarbeko gainetan. Besteak beste, jazz, rock, pop eta musika progresiboa lotu zituen doinu tradizionalei.

Bestalde, Okzitaniako Tolosako IPN artista kolektiboko kideek irudiak egingo dituzte herriko paretetan, eta horietarik askok gai futuristak landuko dituzte.

Bihar, igandean, goizeko hamaiketan hasi eta gauera arte iraungo du egitarauak, herriko plazan: Ezpeletako trikiti eta pandero jotzaileak, Kauter Balet-en dantzaldia, txalaparta, Aimar Karrika eta Odei Barroso bertsolariak, Xiberoko jauziak, larrain dantza, herri bazkaria, Burunba elektrotxaranga, Kli-k eta La Marmailleren eskutik musika karriketan, eta beste. 15:00etan, kontzertua: Ruper Ordorika, Pixuae, Group Doueh & Cheveu, Kokoko Eta Piniol. Gauez, DJ Flp-k saioa eskainiko du, Coucou des Bois klubean.

Atzo, zinemaldi gaua zela eta, Leslie Woodhead dokumentalgileak eta Sandra Ott etnologoaren The Basques of Santazi filma (Santa Graziko euskaldunak) proiektatu zuten. Dokumentalak 1980ko hamarkadako baserritarren bizimodua erakusten du.

2017ko Musikaren Eguna

Gaur eta bihar, egun osoan, Urdiñarben (Zuberoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.