Arrauna

Isil-isilik dago Orio lanean

Oriok irabazi du Eusko Label ligako aurreneko estropada Bilbon, erlojuaren aurka. Denbora onena egiten ari zen Donostiarra kateatu egin da bigarren ziabogan. Urdaibai faboritoa bosgarren izan da

Orioko arraunlariak pozarren, atzo irabazi izana ospatzen, Bilboko ibai bazterrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Arraun mundura begira egoten diren talaia guztietatik, deiadar bat entzun da ozen-ozen traineru denboraldia hasi bezperatan: Urdaibai eta Hondarribia. Urdin eta berde. Faboritoak, bi horiek. Bitartean, talde guztietan lanean ibili dira hilabete luzeetan.

Zarata horretatik aparte, eta isil-isilik, Orio. Agerpen bat egin zuen Lekeition ekainaren 5ean, denboraldiaurreko estropadan, eta nolakoa: bandera etxera. Ordutik ere, ordea, lema bakarra atera da taldetik kanpora, kantu zaharrari moldaketa egiteko aukera ematen duena: isil-isilik dago Orio lanean, ontzi hori polit bat uraren gainean.

Bilbon azaldu zen atzo traineru horia. Patroiarekin, baina patroi nagusia lehorrean zuela, Jon Salsamendi Eusko Label ligak iaz ezarritako zigorra betetzen ari zelako. Harekin edo hura gabe, bigarren bandera etxera. Hau ofiziala, ligako aurrenekoa. Erlojuaren aurka azkarrena izan zen.

Atzetik izan zituen Donostiarra eta Hondarribia, hirugarren txandako bi lehiakide. 3,70era bata, eta 7,96ra bestea. Hemen dator atzokoaren kontakizunean aparteko lekua izan zuena: Donostiarra ari zen denbora onenak egiten, txandan eta estropadan, bigarren ziabogan kateatu zen arte. Segundo asko galdu zituen geratzearen eraginez, eta gero trainerua berriz martxan jartzen. Ez zuen aparte Orio: lehen ziabogan, batera, eta bigarren horretan, bi segundo atzetik —baliza lekuz kanpo zela, ez da zehatza—.

Donostiako taldeak ederki defendatu zuen berea zena, eta hirugarren luzean Orio baino segundo bat gehiago zeukan, besterik ez. Azkeneko luzean zabaldu zen pixka bat aldea. Ziabogako ezbeharra erabakigarria izan zen, sekula jakingo ez bada ere gauzak bere-berean joanda zer gertatuko zen. Arratsaldean espero ez zen gertakaria izan zen.

Izan zen beste bat ere, eta aurrekoa bezain erabakigarria. Esperotakoa. Naturari aukera ematen bazaio estropada bat baldintzatzeko, arriskua hori gertatzeko, natura berak nahita egiten ez badu ere. Esan zuen Jose Luis Kortak estropadaren aurretik baldintza onenak azkeneko txandakoek izango zituztela. Bazekien zerbait. Marea aldaketa 19:29erako zegoen emanda: goia jo eta behera. Lehenago ere hasi zen baretzen ur-lasterren indarra. Lehen bi txandetakoen aldean, beste baldintza batzuetan aritu ziren azkeneko txandakoak.

Hori esateko datuak daude. Zierbenak sekulako estropada bota zuen, Urdaibai ahalguztidunari ia zortzi segundo aterata;bosgarren bakarrik izan zen Bermeoko taldea. Baina lehen ziabogan, azkeneko txandako Orio eta Donostiarra zortzi segundo azkarrago ibili ziren. Bi luze osatutakoan ere, bi horiek aurretik, aldea txikiagoa bazen ere. Hirugarren ziabogako denborak berretsi zuen txanda aldaketena: azkeneko txandako azkenari, Santurtziri, hamabi segundo baino ez zizkion atera Zierbenak. Kontuan izanda Santurtzi mailari eusteko lehian ari beharko litzatekeela, datu esanguratsua zen. Are gehiago seigarren izatea gero.

Horretara egokitu behar izan zuten benetako protagonistek: arraunlariek eta patroiek. Erlojuaren aurkakoak aspergarriak izango dira ikusteko, baina ikasteko, ez. Norabideen ikasgaian, esaterako. Lehen bi txandetan, ura gora zela, bazterretik joan ziren traineruak. Etorri, berriz, erditik,uraren indarra baliatzeko. Azkeneko txandakoek, alderantziz: joan barrualdetik, eta buelta kanpoaldetik; baina asko-asko markatu gabe, urak lasai zeudelako, beherako jarioa hasteko pronto.

Getaria, ikusgarri debutean

Behera ez beste norabide bat hartzeko itxura Getariak erakutsi zuen. Lehen txandan azkarrena izan zen igo berria, eta zazpigarren bukatu zuen.

Ondorio gehiago gaur aterako dira, Donostian (12:13, ETB1), bigarren jardunaldian. Itsasoan, lerrokatuta, eta Kontxako uretan. Txandak atzoko sailkapenaren arabera botako dituzte, eta, ondorioz, Urdaibai bigarrenean doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.