HILBERRIA. Gabriel Okara

Olerkari aitzindaria eta saritua

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ijaw herriko buruzagi baten seme jaio zen Gabriel Okara, 1921ean, Nigerko deltan, eta ingelesez idazten duten Afrikako egileen aitzindari gisa agurtuko dute. Igandean zendu zen poeta eta eleberrigilea. Nigeriako populu ezberdinen sinesmenak, pentsamendua, iruditeria eta folklorea agertu zituen bere lanetan, eta ezinegona ere bai, Afrikako kultura zaharrek Mendebalde modernoaren aurrean zer egin zezaketen planteatzean. Horren erakusle dira idatzi zituen poemetako asko, Once Upon a Time ezagunetik hasita.

Bi munduon artean bizi zen Okara. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, britainiar aire armadan izena ematen saiatu zen, baina ez zuen pilotu izatea lortu. 1945ean, artean ingelesen kolonia zen Nigeriako argitaletxe publikoko koadernatzaile aritu zen. Baita idazle ere. Garai hartan hasi zen ijaw hizkuntzan idatzitako poesia ingelesera itzultzen eta irrati ofizialistarako gidoiak idazten. 1949an, kazetari titulua atera zuen, AEBetako unibertsitate batean. 1953an, The Call of the River Nun poema saritu zioten, eta Black Orpheus aldizkarian hasi zen bere bertsoak argitaratzen.

Lehen eleberriaren bitartez egin zen bereziki ezagun, baina. The Voice (1964)lan esperimentala zen. Ijaw sintaxia ingelesera aldatu zuen zuzenean, bere gizarteak eta bere ideiek pertsekutatzen duten Okolo protagonistaren bizipenak azaltzeko, koloniatik independentzia lortua zuen Nigeriako biztanle ugariren errealitateari begiratzeko. Afrikako kultura tradizionala eta Mendebaldeko materialismoa aurrez aurre ageri dira lan horretan.

Urteetan zehar idatzitako poemak The Fisherman's Invocation bilduman eman zituen argitara, 1978an. Commonwealth Poesia Saria eman zioten lan horrengatik.2005ean, The Dreamer, His Vision bilduma argitaratu zuen, eta hori ere saritu zioten: Nigeriako Literatura Saria eman zioten. Duela hiru urte, Okararen poemen antologia prestatu zuen Brenda Mary Osbeyk. Haren esanetan, «Gabriel Okararen lehen poema argitaratu zenean hasi zen benetan ingelesezko nigeriar literatura —eta Afrika ingelesdunaren poesia modernoa—». 2017ko maiatzean, Gabriel Okara Literatur Jaialdia antolatu zuten Nigerian, haren gorazarrerako. Urte luzez izan zen Nigeriako Idazleen Elkarteko presidente. Elkarte horrek eta beste askok idazle zendu berriaren lana goraipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.