Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Mapan

2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herria baino dezente txikiagoa da Qatar. Golkoko penintsulako emirerri horrek 11.521 kilometro koadroko zabalera dauka. Iparraldetik hegoaldera 180 kilometro daude, eta ekialdetik mendebaldera 87. Al Ruwaisetik Abu Samrara Baigorritik Bilbora dagoen distantzia bera dago. Populazioari erreparatuta, qatartarrak euskal herritarrak baino dezente gutxiago dira. Estatu txiki horretan, 2,7 miloi lagun bizi dira, baina gehienak atzerritarrak dira. Qatartarrak, berez, 330.000 baino ez dira, arabarrak bezainbeste.

Dohan, bada, errazagoa da ingelesa, nepalera, sinhala, edo urdua edo hindia entzutea, arabiera baino. Hango zaharrek artean swahilizko hitzen bat ere erabiltzen dute, garai batean kontinente beltzetik joandako esklaboek utzitako arrasto linguistikoaren lekuko. Perlak eta koralak ateratzera joaten ziren penintsulara.

Dohako skyline ikusgarriaren parean oraindik ikusten dira itsasoan dhow izeneko txalupatxoak, perla urpekariek nabigatzeko erabiltzen zituzten zurezko artisau-ontziak, alegia. Blade Runner pelikulako irudi futurista elezahar batekoa izan zitekeen irudi bukolikoarekin nahasten da. Iragana eta etorkizuna aldi berean. Tradizioa eta modernitatea.

Perla zuriak izan dira herrialdeko aberastasun iturri nagusia, beltz koloreko perla bat topatu zuten arte; petrolioa. Nondik begiratzen diogun, herrialde ñimiño bat da Qatar. Nondik begiratzen diogun, erraldoia. Munduko herrialde aberatsenetakoa baita, aberatsena ez bada. Per capita errenta hemengoa halako bi edo hiru da. Askatasunetan eta eskubideetan, aldiz, hutsean dago.

Diruak munduko kopa lehenengo aldiz herrialde arabiar batean ospatzeko bidea ireki dio eta, bide batez, munduko mapan kokatzekoa. Futbolak geopolitikarako ere balio du. Bestela ea nork zekien orain arte non zegoen Qatar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.