Ardo eskaladaren oinarriak

2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ardo eskaladen egitasmoa «futurista» da, Imanol Amundarainen arabera, «baina, aldi berean, eskalada edo alpinismoaren historian oso sustraiturik dago». Warren J.Harding (1924-2002) Yosemiteko Capitan hormako The Nose bidea eskalatu zuen lehena izan zen honetan ere aitzindaria. Bere buruari trufa eginez, eskalatzea izan omen zen ondo egiten ikasi zuen lehen gauza: «Izan ere, egin ahal izateko demaseko ergelkeria behar zen, eta nik hori banuen». Berehala bihurtu zen Yosemiteko handietako bat, benetako Master Stone bat. Eskalatzaile handia ez ezik, bizizale eta ardo edale handia ere izan zen Harding, ardo gorri merkeena beti.

Amundarainek eta lagun estatubatuarrek inspirazio iturri izan dute Harding: «Haren urratsei jarraituz eta haren omenez egin dugu hau». Hala, ardo eskaladen oinarriak idatzi dituzte. Lehena eta funtsezkoena, hauxe: eskaladari ekiten diotenetik hormatik jaitsi arte urik eta janaririk batere ez hartzea; autotik autora, ardoa besterik ez. Amondarainen arabera, «festa eta eskalada uztartzea gustuko dutenentzako giltza da ardo eskaladaren ikuspegia». Joan den udazkenean, eskalada modalitate hori garatu zuten Yosemiten, eta, besteak beste, Yosemiteko The Nose eta Salathe Wall eskalatu zituzten ardo estiloan. Hori bai, ardoa beti zahatotik, ardorik merkeenak ere beste zapore bat hartzen duelako larru onduaren igurtziarekin.

Aurrera begira, filosofia horri garatuz joan nahiko lukete, eta, horretarako, edozein laguntza eskertuko lukete. Amundarainek ozen egin du deia: «BERRIA irakurtzen duten Kaliforniako ardotegi guztiei esan nahiko nieke babesle bila gabiltzala etorkizuneko ardo eskaladetarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.