Unesco laguntzeari utzi dio Israelek

ander perez zala
2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Israelek amaitutzat eman du Unescorekin zuen elkarlana. Tel Avivek Jerusalem ekialdean dagoen Al-Aqsa meskitan hartutako «neurri ilegalak» gaitzetsi zituen erakundeak ebazpen batean, herenegun, eta erabaki horren harira eten du harremana.

Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministro Riyad al-Malikiren arabera, ekinaldi horren helburua da «palestinarren aurka Israelek egiten dituen ekintza bortitz eta ilegalak» amaitzea. Israelgo Kultura ministro Naftali Benetek, ordea, uste du juduek Jerusalemekin duten «milaka urteetako lotura» ez duela kontuan hartu Unescok. Izan ere,meskitak erlijio horrekin duen lotura baztertzen du ebazpenak, etaislamaren kultu tokitzat jotzen du soilik. «Erabaki horrekin, etorkizuneko terroristek inspirazioa eta zilegitasuna jaso dezakete», Beneten ustetan. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren ustetan, erabakia «zentzugabea» da: «Israelek Tenpluaren Mendiarekin —meskiten zelaigunea— loturarik ez duela esatea Txinak Harresi Handiarekin loturarik ez duela esatea bezala da».

Israel, «indar okupatzailea»

Besteak beste, Unescok ebatzi du «kultu askatasunaren aurka» doazela neurriak, baita musulmanen «sartzearen aurka» ere. Unescok «indar okupatzaile» gisa definitzen du Israel testuan, eta exijitzen dio Jerusalemgo, Betleemgo eta Hebrongo (Palestina) toki sakratuen inguruan obra eta indusketak gelditzeko; esaterako, testuan ziurtatzen dute Israel errudimentuen eraispena egiten ari dela. Horrez gain, meskitaren aurkako «hainbat eraso» zerrendatu ditu Unescok.

Islamaren toki sakratuen artean hirugarrena da Al-Aqsa meskita, Saudi Arabiako Mekaren eta Medinaren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.