«Ez zait burutik pasatzen Ordainduren eskaera aintzat hartzea»

xabier martin
Arrasate
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ordaindu eta Eskuraturen demanda kolektiboa preskribatua dagoela ebatzi zuen epaileak. Inoiz baino gertagaitzagoa dirudi Fagor Etxetresnen bazkide eta inbertitzaile izandako batzuek exijitzen duten diru itzulketak.

Gustura?

Emaitza positiboa da guretzat, baina nik neuk badut frustrazio puntu bat, azken finean ez delako edukian sartu, eta denok ikusi genuen epaiketa nola joan zen. Aukera garbi bat galdu da gauzei bere izenez deitzeko.

Nahiago izango zenuen epailea edukian sartu izana?

Bai, noski. Epaiketaren emaitza garbia zen, prentsak berak jaso zuen moduan. Gizarteak eta gure kooperatibistek garbi daukate nola diren gauzak. Baina pena da kontua oraindik ez dela bukatu.

Etxe barruan ez da, orduan, ordaindu beharko litzaiekeela babesten duen ildorik?

Gure jendeak badaki zer pasatu den, eta salatzaileek ere badakite zer iritzi duten bazkide gehien-gehienek. Kongresura eraman daiteke gaia, eta han onartu pagatu egin behar zaiela. Bil ditzatela beharrezkoak diren sinadurak. Haiei galdetu beharko diezu zergatik ez duten egin.

Nola daramazu zure aurpegia eta izena Ordainduren protesta karteletan ikusi beharra zure herrian?

Salatzaileen abokatuak esan zuen pozik zeudela Mondragoneko gidariak auzitara eramatea lortu zutelako. Dena esanda dago. Kartelena banekien tokatuko zitzaidala. Ez du batere graziarik egiten, baina lasai nago, pertsona ezagunak garelako; maila pertsonalean eta Mondragoneko langile gisa ere bai, inporta zaizkigun pertsonek oso argi dute zer egin dugun beti.

Ordainduren demanda aintzat hartu izan balitz, nondik aterako zen haiei pagatzeko dirua?

Hemen ez dago funts misteriotsurik. Dagoen diruak izen-abizenak dauzka, eta helburu eta muga jakinak. Ez zait burutik pasatzen halakorik aintzat hartzea, baina, pagatu beharko balitz, kongresu bat egin beharko litzateke erabakitzeko nola pagatu; betiere, bazkideen patrikatik aterako zen dirua. Fagorri emandako azken laguntza, 70 milioi eurokoa, horrela eman genuen.

Asteazkeneko kongresuan Ordainduren protesta izango da, berriro, Kursaalen atarian. Ez ote da arriskurik demanda bankuen abusuen uholdearekin nahasteko?

Arrisku hori beti dago, baina hain garbi daude gauzak... Epaiketa publikoa izan zen, eta han azaleratu zena ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.