HEMEROTEKA

2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Goetze, futbolaren Jaungoikoa»

Alemaniako hedabideek Mario Goetze eta Munduko titulua lortu izana elkartu zituzten atzoko goiburu nagusietan. Bild-ek, «Goetze futbolaren Jaungoiko, munduko txapeldun gara» jarri zuen azalean. Süddeutsche Zeitung-ek, berriz, hitz jokoa egin zuen Goetze eta Gott sei Dank esaerarekin (Jaungoikoari esker). «Gotzeidank! Alemaniak finala irabazi zuen, eta kaleetan jai giroa da nagusi». Die Welt-ek, berriz, Loewek Goetzeri esanikoak nabarmendu zituen: «Erakuts iezaiozu munduari Messi baino hobea zarela, eta partida erabaki dezakezula».

'Bild', 'Süddeutsche Zeitung' eta 'Die Welt' Alemania

«Koparik gabe, baina harro»

Finala galdu arren, Argentinako hedabideek laudorio eta esker on hitzak eduki zituzten euren selekzioarentzat. Olé-k: «Esker mundialak» idatzi zuen, «Koparik gabe, baina harro» gehituz. Clarín-ek, berriz, «Argentinak amaierara arte borrokatu zuen» hautatu zuen goibururako, eta partidaren euren ikuspegia eman: «Argentinak hiru gol huts egin zituen, eta ez zioten penalti bat adierazi. Alemania, berriz, ez zen zanpagailu bat izan, eta aukera bakarra baliatu zuen». La Nación-en azalean «Koparik gabeko loria» irakur zitekeen, eta azpian: «Finalean galdu izanak ez du ilundu selekzioaren lana, eta oroimenean geldituko da».

'Olé', 'Clarín' eta 'La Nación' Argentina

«Argentinak ere bere Maracanaçoa du orain»

Brasilgo hedabideak Argentinaz eta azken egunetan jasandako adarjotzeez oroitu ziren atzo. «Esadazu zer sentitzen duzun orain, anaia?», galdetu zuen azalean Lance kirol egunkariak. «Argentinak negar egiten du, eta orain Maracanaço propioa du», gehitu zuen kronikan. Folha de São Paulo-k Goetzeren ezkerra Messirena baino erabakigarriagoa izan zela nabarmendu zuen, eta datu historikoa sakondu: «Europako selekzio batek Kopa Hego Amerikan irabazten duen lehen aldia da. Europarrek orain 11 kopa dituzte, eta hegoamerikarrek bederatzi». O Globo-k, berriz, analisi teknikoagoa egin zuen: «Argentinak borroka egin zuen, baita kontraerasoa bilatu ere, baina Alemaniak izan zuen baloia».

'Lance', 'Folha de São Paulo' eta 'O Globo' Brasil

«Beti Alemania»

Espainiako hedabideek Alemania Espainiaren oinordekoa dela nabarmendu zuten euren kroniketan. Marca egunkariak «Beti Alemania» aukeratu zuen azalerako, eta partida laburbildu: «Alemaniako selekzioaren laugarren kopa da, Goetzek luzapenean lorturiko golari esker». El País-ek antzeko bidea aukeratu zuen: «Alemania, lau aldiz munduko txapeldun. Amerikan titulua lortzen Europako lehen selekzioa da».

'Marca' eta 'El País' Brasil

'Super Mario'

Ingalaterrako hedabideek Goetze goratu zuten. The Guardianek «Super Mario» goiburua hautatu zuen, bideo jokoko pertsonaiarekin hitz jokoa eginez. The Timesek ere protagonista bera aukeratu zuen: «Goetzek Alemania munduaren tontorrean jarri du». Bi berripaperek nabarmendu zuten Alemaniak merezita irabazi duela.

'The Guardian' eta 'The Times' Ingalaterra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.