Pilota. Binakakoaren finala

Txarrenari ere onena atera dio

Danel Elezkanok kolpe gogorra hartu zuen Aspek aurreko binakakotik kanpo utzi zuenean. Orduan bizi izandakoak «asko» ikasteko eta gauza batzuk «gehiago baloratzeko» balio izan diola dio; batez ere, «gertukoen maitasuna sentitzea».

Danel Elezkano, pilota bat eskuetan duela, herenegun, jaioterrian, Zaratamon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Gauetik egunera igaro da Danel Elezkano urtebetean (Zaratamo, Bizkaia, 1994). Binakakoaren finala jokatuko du igandean. «Aldaketa handia da duela urtebetekoarekin konparatuta». Barru-barrutik atera zaio. Ahaztu ez duen seinale. Ez zuen jokatu aurreko binakakoa, haren enpresak, Aspek, tokirik gabe utzi baitzuen. Txapeldunak ez zuen aukera izango txapela defenditzeko. Inoiz ez zen ikusi halakorik.

Kalapita sortu zen. Askok ez zuten ulertu. Ezta Elezkanok ere. «Kolpe oso gogorra izan zen». «Gaizki» pasatu zuen. Kosta egin zitzaion barneratzea. «Oso argi» izan zuen «ilusio eta gogo berarekin» entrenatuko zela. «Pilotan jokatzea da gehien gustatzen zaidana. Baina zalantza nuen gertatutakoak buruari nola eragingo zidan. Zorionez, ondo bueltatu nintzen, batez ere ingurukoen babesari eta maitasunari esker: familiarena, bikotekidearena, lagunena...». Baita Zaratamoko bizilagunena ere,binakakoa ez zuela jokatuko jakin eta hurrengo egunean pankarta batekin ongietorria egin zioten horiena. «Oso zoriontsu naiz, une zail horietan ohartu bainintzen jende askoren babesa eta maitasuna dudala. Balio handia ematen diot horri».

«Itxaropena dut kolpe gogor honek indartsuago egingo nauela», zioen etengabe orduan. «Pozik» dago hala izan delako. «Gauza asko ikasi ditut, eta batzuk gehiago baloratzen, batez ere ingurukoen babesa eta maitasuna sentitzea». Horregatik du «sekulako pena» horiek guztiek ezingo dutelako finala barrutik bizi, aurreko bietan bezala. «Ingurukoen artean final batek sortzen duen poza eta ilusioa: horixe da niri final bat jokatzetik gehien gustatzen zaidana. Baina, aurten, ezinezkoa da hori. Osasuna da lehentasuna».

Aurreko binakakotik kanpo geratzeak ez dio gogo berezirik eragin honetarako. «Nik ez dut inondik inora horrela hartu txapelketa. Ez dut sentitu neure burua aldarrikatzeko beharrik. Nire asmoa izan da kantxara irten naizen bakoitzean ahalik eta lanik onena egitea,eta batez ere, gozatzea. Enpresak erabakia hartu zuenean esan nien onartu edo ez, errespetatu egingo nuela, eta lanean jarraituko nuela. Oso gustura nago Aspen. Enpresako langile guztiek oso ondo tratatu naute beti. Oso eskertuta nago».

Eskertuta dago enpresak Jose Javier Zabaletaren moduko bikotekide bat jarri diolako ere. «Asegarcetik Aspera etorri nintzenean, asko jokatu genuen elkarrekin, eta asko lagundu ninduen. Oso harreman ona dugu. Ia egunero hitz egiten dugu elkarrekin, eta konfiantza dugu elkarri gauzak esateko. Binakakoaren moduko txapelketa luze batean, hori oso garrantzitsua da. Ikaragarri ari da Jose, baina ez da oraingo kontua bakarrik: urteak daramatza aldeak egiten. Ni oso zoriontsua naiz hura gozatzen ari denean. Plazera da harekin jokatzea».

Bere lanaz galdetuta, «pozik» dagoela dio, nahiz eta aitortu duen hasieran «gozakaitz» aritu zela. «Aurreko txapelketa ez nuen jokatu, eta, hasieran, kosta egin zitzaidan bete-betean aritzea. Ez nuen gaizki jokatu, gauza asko ondo egin nituen, eta lehen lau partidak irabazi izana da horren erakusle. Baina ez nuen gozatu lehen hiruzpalau partidetan, eta nik garrantzi handia ematen diot horri. Defentsan aritu nintzen erasoan baino gehiago. Eta hori ez da nire jokoa. Nik ez dut beste batzuen gaitasuna jokamoldea aldatzeko. Niri aurrean jokatzea gustatzen zait; ez luzean. Txipa aldatu nuen, eta, ordutik, hobeto aritu naiz».

Hura eta Zabaleta faboritoen artean zeuden. Ez, ordea, Peña II.a-Albisu. Baina Elezkano ez du ustekabean harrapatu Baikoko bikoteak egindakoak. «Nik oso argi nuen ahal handiko bikotea direla. Partida gehienetan nagusi izan dira. Atzean zein aurrean abiadura handia ematen diote pilotari, eta defentsa indartsua dute. Sasoi betean daude, eta konfiantza handia dute. Txapelketa osoa egin dute, eta merezita daude finalean. Lehia zaila izango da. Hirutan jokatu dugu elkarren aurka, eta denetarik gertatu da: lehen bietan, haiek nagusi izan ziren, eta azkenekoan, gu. Baina partida guztiak dira ezberdinak, eta zer esanik ez final bat.Gure lanarekin gustura geratu behar dugu. Ea hori lortzen dugun».

Ez du aipatu txapela, «egindako lanarekin gustura geratzea» baizik. Nahita egin du. Txapela irabazi, irabazi nahi du, eta barruan duen guztia emango du horretarako. Baina leial izan nahi du kirolaz duen filosofiari. «Kirolean, dena ez da irabazi edo galdu. Dena ez da emaitza. Buelta bat eman behar zaio horri. Balio gehiago daude: adibidez, errespetua, bikotekideari, aurkariei, epaileei eta, batez ere, pilotazaleei. Txikitatik erakutsi beharko lirateke kirolaren balio horiek. Askotan, garrantzi gutxi ematen zaie. Dena dago garaipenera bideratuta. Eta hori gizarte honen akats bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.