Tapiaren arabera, «ez da berri ona» Iberdrola Gamesatik atera izana

Enpresako arduradunek Tapiari ziurtatu diote egoitzak Zamudion segituko duela, baina sailburuak aitortu du erabakiguneak urruntzeko «arriskua» dagoela. Iberdrolak 1.100 milioi euro patrikaratu ditu

Siemens Gamesaren egoitza nagusia, Zamudioko parke teknologikoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu - Irune Lasa
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gamesa eta Euskal Herria lotzen zituen beste soka bat hautsi da. Iberdrolak saldu egin dio Siemensi enpresa eolikoan zuen bere zatia —%8,07—, 1.100 milioi euroren truke, eta, horrenbestez, Euskal Herriko akziodun handirik gabe geratuko da konpainia. Ignacio Sanchez Galanek horrela amaitu nahi izan du azken hiru urte eta erdian Siemensekin izan duen harreman korapilatsua. Iberdrolak buruko min bat kendu du, baina Eusko Jaurlaritza ez dago pozik. «Ez da berri ona», aitortu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Izan ere, Jaurlaritzak berak onartu du Siemens Gamesaren erabakiguneak Euskal Herritik joateko «arriskua» dagoela. Ildo horretan, Iberdrolak Siemensekin lortutako akordioak berak bertan behera utzi du konpainia eolikoaren egoitza Zamudion (Bizkaia) uzteko konpromisoa.

Egoitzan aldaketarik egiteko asmorik ez dutela esan izan du Marcus Tacke Siemens Gamesako buruak. Baina, hala izanda ere, egoitza hori sinbolikoa besterik ez izateko aukerak gero eta indar handiagoa du, Siemensen planak zeintzuk diren ikusita. Multinazional alemaniarra Siemens Energy adarrean biltzen ari da energiarekin lotutako bere aktibo guztiak, eta hor sartuko du Siemens Gamesan duen zatia —%67da orain—. Adar hori burtsaratzeko asmoa du Alemaniako konpainiak.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, Tapiak azaldu du Siemenseko buruzagiek «Euskadiren aldeko apustua» berretsi diotela. «Benetan ari direla sinistu nahi dut». Siemens Gamesaren garrantzia nabarmendu du sailburuak: «Berriztagarrien sektorean erreferentziazko enpresa izan da, eta hala da oraindik ere; trakzio lana egiten du, eta funtsezko elementua da energia berriztagarriak eta bereziki eolikoa Euskadin garatu ahal izateko».

Hiru mila lanpostu inguru ditu Siemens Gamesak Euskal Herrian. Egoitza nagusia Zamudioko parte teknologikoan du (Bizkaia), eta handik eta Sarrigurengo bulegoetatik (Eguesibar, Nafarroa) gidatzen du lurreko energia eolikoaren negozioa. Gainera, hiru ekoizpen fabrika ditu —Agoitzen (Nafarroa), Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungia (Bizkaia)—, eta beste lantoki txiki batzuk ere bai.

Siemens Gamesako oraingo buruekin «konfiantzazko harremana» duela azaldu du Tapiak. Baina, zeharka bada ere, onartu du konfiantza hori ez dela erabatekoa: «Konfiantza ekintzekin erakusten da, eta hori da etorkizun hurbilean ikusi nahi duguna». Enpresaren errotzea Euskal Herrian sendotzeko akzioak erosteko aukera baztertu du Tapiak, diru gehiegi delako.

Iberdrolaren erabakia

Harreman gatazkatsuak izan dituzte Iberdrolak eta Siemensek, Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuenetik. Bilboko konpainia ez zegoen ados alemaniarrek egindako kudeaketarekin, uste baitzuen ez ziola uzten erabaki garrantzitsuetan esku hartzen. Gainera, Siemensek bere orbitako gizon-emakumeekin ordezkatu ditu Gamesan ardura- dun zirenetako asko, eta horrek ez du lagundu giroa baretzen. Auzitara ere iritsi da Iberdrolaren eta Siemens Gamesako oraingo buruen arteko desadostasuna. Salaketa guztiak bertan behera uztea adostu dute orain.

Bien arteko harremana, ordea, ez da erabat hautsiko, Iberdrolak jarraitu egingo baitu Siemens Gamesaren haize errotak erabiltzen.

Berez, konpainiaren bezerorikonenetakoa da Iberdrola, energia eolikoaren aldeko apustua egin baitu.

Emaitza gazi gozoak

Iberdrolaren eta Siemens Gamesaren arteko norgehiagokak gehiago zaildu du berez zaila zen abagunea. Lehia zorrotzak sektore eolikoaren errentagarritasuna txikitu du, eta konpainiaren kontuei kalte egin die. Iaz, 140 milioi euroren irabazi bat aurkeztu zuen Siemens Gamesak, baina ingeniaritza fiskala usain daiteke emaitza horien atzetik.

2019ko azken hiruhilekoan, berriz, gorriz tindatu dira. «Ez da hiruhileko erraza izan Siemens Gamesarentzat», onartu zuen asteartean Markus Tackek, konpainiako kontseilari ordezkariak, 174 milioi euroren galeren berri ematean.

2.001 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtekoak baino %12 txikiagoak. Indiako merkatuaren pattalaldia, Txinara saldutako haize errota merkeagoak, eta haize errota handiagoetarako fabrikak egokitu beharrak izan dute eraginik horretan. Hala ere, galerak beste faktore baten ondori direla azaldu zuen Tackek: negua uste baino lehenago iristeak 150 milioi euroren zuloa eragin die Europa iparraldeko bost proiektutan.

Datu gozo bat ere eman ahal izan zuen Tackek: eskari poltsa inoizko handiena da, 28.089 milioirena, hiruhilekoan %82 hazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.