Fernando Llorentek Eibarren jokatuko du sasoia amaitu arte

Fernando Llorente. EIBAR.
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fernando Llorentek (Iruñea, 1985) euskal talde batean jokatuko du, azkenekoz Euskal Herrian jokatu eta zortzi urte geroago. Aurrelariak denboraldia amaitu arteko kontratua sinatu du Eibarrekin. 36 urte ditu, eta 2013an Athletic utzi zuenetik, Juventusen, Sevillan, Swansean, Tottenhamen, Napolin eta Udinesen aritu da.

Llorente talderik gabe zegoen, eta bere kasa entrenatzen ari zen Zarautzen (Gipuzkoa), talderen batek eskaintzaren bat egiteko zain —Donostian bizi da—. Rayo Vallecanora joatear egon zen udan. Athleticen bere taldekide izandako Andoni Iraolak bere aginduetara nahi zuen, baina azkenean kluba eta Llorente ez ziren ados jarri.

Franchu Feuillassier Eibarreko aurrelaria denbora luzerako lesionatu izanak ireki dio Gipuzkoako taldearen atea. Feuillassierrek ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan, eta haren tokia beteko du Llorentek.

Aurrelariak atzo goizean pasatu zuen azterketa medikoa, eta ondoren sinatu zuen kontratua. Adierazi zuen «ilusio handiz» dagoela, bere onena ematen jarraitzeko «gogoz».

«Multzoaren indarra taldea da. Bat gehiago izan eta nire aletxoa emateko asmoz nator. Laster nire sasoi onenean egotea espero dut, Eibarri lagundu ahal izateko», esan zuen Llorentek. Lanean lehenbailehen hasteko gogoa duela nabarmendu zuen. Eibarrek bihar aurkeztuko du aurrelaria, 13:30ean, Ipuruako prentsa aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.