Angel Erro.
JIRA

Poliamodioa

2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ez dute iragarri, baina nik aurreratzen ahal dizuet, inolako azti dohainez jantzita egon gabe ere, Vox alderdiak ez duela Nafarroan hautagaitzarik aurkeztuko, orain hilabete bat Iruñeko hotel bateko aretoan bildutako mila bat lagunek bozetan aukeraren bat ematen ahal zietela aurreikusi arren. Edo horrexegatik.

Maiz ikusi dut ezkerreko jendeak teorizatutako malgutasuna (esaterako, sexuala) eskuindarrek errazago gauzatzen, horren pregoia jo beharrik gabe, eta maiz jendaurrean justu kontrakoa aldarrikatu arren. Harreman polimaitasunezko ez-binario transeskuindar lender-fluid eta erlazio-anarkian oinarritutakoari ekin dio Javier Esparzaren alderdiak, ezkerrekoak (horri buruz hainbestetan gogoetatu dutenak) elkarrengana hurbiltzeko uzkur diren bitartean, edo herabeki senaturako baino ez dutelako jotzen; puntatxoa baino ez. Bistan da eleak alea ematen ez duela.

Horregatik, eginen nuke Vox alderdiak ez duela hautagaitzarik aurkeztuko. Rolak banatuak dituzte, maiatzean sozialistak ere erakarri ahal izateko, lehengo lerro gorri irmoak gaindiarazteko. Eginen nuke alderdi popularrekoak Madrilgo zerrendetan nagusituko direla, Iruñekoetan doi-doian.

Besteoi, ohi bezala, beranduegi damutuko zaigu lotsagabetu ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.