Danel Elezkano eta Beñat Rezusta

Txapelaz gozatzen hasi dira

Irribarriari eta Zabaletari 22-19 irabazi eta gero, binakako txapeldun gisa lehen eguna zuten atzo Elezkanok eta Rezustak. «Pozik» zen Rezusta; «hunkituta» Elezkano. Bien arabera, finala ez zen «polita» izan, baina bai «gogorra».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Igandean jantzi zuten binakako txapela Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak. Ondoren, ospakizunak iritsi ziren, eta atzokoa txapelaz gozatzeko lehen eguna izan zen, lortutakoaz jabetzekoa. Lehen txapela zen Elezkanorentzat, eta bigarrena Rezustarentzat. Eibarren (Gipuzkoa) jaso zuten zaleen berotasuna.

Bezperako ospakizunak Diman (Bizkaia) egin zituzten, lagunez eta senideez inguratuta. «Ikaragarria izan zen Danelen lagunek nola antolatu zuten dena», gogorarazi zuen Rezustak. Su festa, dantza, bertsoak, afaria... Ez zuten ezer falta izan. «Ederra eta hunkigarria izan zen dena. Zorte handia dut», zioen, eskertuta, Elezkanok.

Pilotariekin batera, txapelak izan ziren festako izarrak. Bertaratuek haietaz gozatzeko aukera izan zuten. Hori bai, gero zaintzailerik onenak izan zituzten: bien amak, eta Elezkanoren izeba. «Etxera eraman zituzten»,nabarmendu zuten biek.

Behin ospakizunak amaituta, lo egitea kosta egin zitzaiola onartu zuen Elezkanok: «Ez parrandarengatik edo finalak sortzen duen tentsioarengatik. Neure buruari asko eskatzen diot, eta partidak jokatu ostean beti ibiltzen naiz bueltaka». Rezustak, berriz, «espero baino hobeto» egin zuen lo: «Egia esan, oso nekatuta nengoen. Une batzuetan bete egin nintzen. Afaltzea ere kostatu egin zitzaidan. Azkar samar hartu nuen lo».

Biharamun gozoa izan zuten biek atzo. «Egongelara joan eta txapela han ikusteak ikaragarrizko poza ematen du. Orain, bigarren txapel honi lekua topatu beharko diogu», zioen Rezustak. Hain zuzen ere, txapela etxean ikusita hasi zen konturatzen lortutakoaz Elezkano. «Gaur hasi naiz disfrutatzen, txakurrekin paseatzera irten naizenean».

Ez du gogoan Irribarriak azken pilota txapara bota zuenean zer pentsatu zuen. «Lurrera bota nuen neure burua, ez nuelako sinesten irabazi egin genuenik. Sari banaketan ere harrigarria iruditzen zitzaidan.Opari ederra da urtebetetzerako».Zaratamokoak gaur betetzen ditu 24 urte.

Aitari eskaini zion txapela. «Beti esan dut bera izan zela gehien lagundu ninduena iritsi naizen lekura iristeko. Anaia hunkituta ikusi nuen, eta amari partida ostean eman nion besarkada ere ez dutsekula ahaztuko». Bikotekidea, familiako beste kideak eta lagunak ere izan zituen gogoan. «Nigatik baino gehiago, haiengatik poztu nintzen».

Bigarren txapela izanda, patxada handiagoz bizi izan zuen dena Rezustak. «Txapelketan zehar egin behar izan dugun lan handiaz gogoratu nintzen. Partidetako asko horri esker eta biok dugun egoskorkeriagatik atera ditugu, eta txapela horren saria da». Bat dator horrekin Elezkano.«Iaz ere txapelketa oso ona egin genuen, baina finalean partida kaskarra irten zitzaigun, eta gure irudi hori geratu zen. Dena den, bai iaz, baita aurten ere oso bikote erregularra izan gara».

Jokatutako partidak sakon aztertu ohi ditu Elezkanok, eta horretarako tarte eta patxada askorik eduki ez arren, honela ikusi zuen finala. «Ikusleentzat ez zen partida polita izan, behartu gabeko akats asko egin zirelako. Baina bai gogorra eta lan handikoa, batez ere defentsan». Onartu zuenazken sakea ez zuela ondo atera. «Baina Ikerrek [Irribarria] arriskatu egin behar zuen, eta ez zitzaion ondo atera. Asmatu izan balu, beharbada, gauzak beste modu batera izango ziren. Baina, zorionez, ez zen hala izan, eta partida hor amaitu zen». «Sufritu» egin zutela onartu zuen Rezustak. Biak jarri dira, orain, gaur aurkeztuko den Buruz Buruko Txapelketari begira. «Lortutakoa ederra da, baina honek ez du etenik», gogorarazi zuen Rezustak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.