Telesailak

Iraultzaile artistikoen ondarea

Telesail batean bildu dute Bauhaus eskolaren bilakaera, mendeurrena baitu modenitatearen zutabeak ezarri zituen eskola horrek. Lars Kraume alemaniarra da telesailaren sortzailea

Bauhaus proiektuaren sortzaile Walter Gropius eta Dorte Helm neska gaztea dira telesaileko protagonistak. MATHIAS BOTHOR.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Atzean geratu da jada 2019. urtea, baina aipamena merezi du mendea bete berri duen Bauhaus arte eskolak. Filminek urte amaierarekin batera estreinatu zuen haren inguruko fikziozko telesail bat. Lars Kraume zuzendari alemaniarrak sei ataletan bildu ditu XX. mendeko artitekturaren, diseinuaren, artisautzaren eta artearen zutabeak ezarri zituen eskolaren hastapenak eta bilakaera.

Weimarko Errepublikaren fruitu, Alemaniaren bihotzeko hiri horretan sorturiko Bauhaus mugimenduaren eragin kulturala sekulakoa izan zen, eta haren oihartzuna indar handiz entzun daiteke oraindik ere XXI. mendeko korronte artistikoetan. Proiektuaren sortzaile izandako Walter Gropius da telesaileko protagonistetako bat, eta harekin batera Dorte Helm neska gaztea, eskolako ikasle adierazgarria ez ezik, Gropiusen beraren maitale izan zena.

Baina euren harremanetik harago, telesailak orduko gizartea islatu du, Bauhaus eskola ardatz hartuta. Gerrarteko garaiak bide eman zion Alemanian iraultza artistikoari; pentsamendua loratzeko, molde tradizionalak apurtzeko eta eraldaketa sozial zein kulturala gauzatzeko aro bilakatu zen. Margoketa esperimentala, Mazdaznan korronte espiritualarekiko erakarpena, erromantizismoa eta funtzionalismoaren arteko lehia... Askotarikoak izan ziren irakasle zein eskolierrek esploratu zituzten bideak.

Berritzeko grinak, ordea, izan zuen aurkaririk ere. Maisu zahar eta kontserbadoreak, esaterako, ideia nazionalisten alde lerratu ziren, garai hartan Bauhaus eskolan bezala Alemania osoan ugaritzen ari ziren atzerritarrak kanporatzearen aldekoak. Juduak eta komunistak seinalatu eta euren aurka altxatu ziren 1920ko Kappen arrakastarik gabeko estatu kolpean. Keinu hori eta halako beste hainbat dizkie telesailean Kraume sortzaileak faxismoaren lehen haziei.

Giro horretan, Gropius maisuaren aldarria esanguratsua izan zen. Bauhaus politikaz gaindiko mugimendu aske eta kritiko gisara defendatu zuen, bi bandoetako jarraitzaileen mespretxua eragiteraino.

Emakumeei erreparatuta, aparteko tartea merezi du Dorte Helmen figurak. Bauhausen jatorriko kode iraultzaileei jarraituz, mugarik gabeko sortzaile izaten ahalegindu zen. Baina gizarteak muga andana ezarri zizkion. Etxean, ahaleginak egin zituen garaiko inertzia sozialek baldintzaturiko aita matxistaren pentsaera eraldatzeko. Eskolan, aurre egin behar izan zien emakumeak jostungintzara, sukaldaritzara eta landaguneko lanetara mugatu nahi zituzten ahotsei. Bere sen artistikoa zapaldu zutenen artean, ordea, gertukoen zuena izan zen lazgarriena. Ezkutuan eduki beharreko maitasun istorioa tarteko, Gropius maisuak berak ukatu zion Helm gazteari Bauhaus eskolako irakasle izateko aukera.

Telesailaren azken txanpan, ezinezko amodio istorioak minutu gehiegi bete ditu, baina, hala eta guztiz ere, azpimarratzeko modukoa da Bauhaus telesaila. Mugimendu intelektualaren oinarriak eta kontraesanak mamitzea izan baitu lehentasun, eta ez logika narratiboen mesedetara eraikitako kontakizun soil baten bidez ikuslea entretenitzea.

'BAUHAUS'

Sortzailea: Lars Kraume.

Aktoreak: August Diehl, Anna Maria Muhe, Trine Dyrholm, Valerie Pachner, Ludwig Trepte.

Herrialdea: Alemania.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Filmin.

Filmaren iraupena: 45 minutu.

Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.