Telesailak

Hil osteko bizitza birtuala

Errealitate birtuala umorearen bidez landu du 'Upload' telesailak. Greg Danielsen lan berria da, zeina 'The Office' eta 'The Simpsons' klasikoetan aritu den.

Black Mirror eta Devs telesailen kontzeptuarekin bat egiten du Upload-ek ere. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Heriotza ate joka dagoenean, azken agurra eman nahi izaten diete gertukoek, berriz ere mundu honetan ikusiko ez dituztela jakitun. Baina zer esanahi hartuko luke bizitzak, hil eta gero mundu birtual batean existitzen jarraitzeko aukera edukiko balu gizakiak? Gogoeta hori da Upload telesailaren abiapuntua, Greg Danielsen istorio berria; Danielsek The Office komedia sonatuaren moldaketa estatubatuarra sortu zuen.

Etorkizun hurbilean girotu du Danielsek fikziozko lana; zehazki, 2033. urtean. Ordurako, errealitate birtuala egunerokoaren parte da, eta hari lotuta bizi dira telesaileko bi protagonistak. Batetik, Upload izeneko sistema birtualean bizitzen hasten den gizon gaztea, neska lagunak aginduta, auto istripu batean hil ostean. Bestetik, sistema horretan bezeroentzako arreta zerbitzua eskaintzen duen emakumea.

Datu eta fitxategien bidez, errealitateko xehetasun oro imita dezake Upload sistemak. Hil berri den gizonezkoa laku ertzean kokaturiko luxuzko etxe batera helduko da; horixe du paradisu tankerako hil eta geroko bizilekua. Baina berehala antzemango ditu mundu birtual horren akatsak: artifizialki sorturikoak dira bertako pertsona batzuk eta euren jokamoldea. Muga fisikoak ere topatuko ditu sarritan, eta ohartuko da dirurik ez dutenak oso bestelako errealitate batean bizi direla, gela zuri biluzietan, eta ez dute laku ertzeko luxurik.

Hildako pertsona zaintzea eta bizi berri horretan gustura sentitzen dela bermatzea, hori da arreta zerbitzuan lan egiten duen emakumearen ardura, betiere maila pertsonalean inplikatu gabe. Errealitateko bizitzan, ordea, ez da zoriontsu, eta, protagonista birtualak erakarrita, simulazioan murgilduko da bera ere. Bi munduen artean giza harremanak eraikitzeak izan ditzakeen ondorioez egiten du gogoeta telesailak, betiere komedia giroan, tonu dibertigarrian.

Atalek aurrera egin ahala galtzen du Danielsen lan berriak hasierako planteamenduaren freskotasuna; mundu errealaren eta birtualaren arteko gatazka horrek ez du aparteko sakontasunik, ezta indar emozionalik ere. Eszenak errepikakor bilakatu ahala, pertsonaiak errutina monotonoan harrapatuta geratzen dira. Sortzaile estatubatuarrak eraikitako unibertsoaren xehetasunak dira aipagarrienak; ikusleengan harridura sortuko dute, eta horri esker mantenduko du telesailak interesa amaierara arte.

Formari dagokionez, Danielsen ekarpena oso murritza da, plano eta kontraplano artean jorratu du kontakizuna eta ez du estilo pertsonala garatzeko inolako interesik azaldu. Ildo berekoa da musikaren erabilera konbentzionala ere.

Black Mirror eta berriki estreinaturiko Devs dira Upload telesailaren kontzeptuarekin zuzenean bat egiten duten bi lan. Are gehiago, azken horretan bada konspirazio trama bat ere, esaten duena mundu birtualeko protagonistaren heriotza antolatua izan dela. Tamalez, sortzaileak abentura asko bildu nahi izan ditu kontakizun bakarrean, eta horrek egiten du, ziurrenik, irregular. Esku artean zituen kartak ezagututa, pena da partida hobeto jokatu ez izana. Hori bai, entretenimendu duina dela ezin uka.

'UPLOAD'
Sortzailea: Greg Daniels.
Aktoreak: Robbie Amell, Andy Allo, Chris Williams.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2020.
Non ikusi: Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 30 minutu.
Generoa: Zientzia fikzioa. Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.