Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Isilean

2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Wahabismoa, labur esanda, islamaren adar bat da. Pixka bat gehiago jakin nahi izanez gero, esan daiteke mugimendu musulman integrista dela, jatorriko islama aldarrikatzen duena; islam purua, alegia. Sakonera joanda, xaria zorrotz ezartzea defendatzen du. Mahoma profetaren hitzak hitzez hitz interpretatu eta zehatz-mehatz ezartzen ditu.

Saudi Arabia da korronte horren gotorlekua. Aurten, 144 lagun kondenatu dituzte heriotza zigorrera. Martxoan, egun bakar batean, 81 gizon exekutatu zituzten, 47 arrazoi politikoengatik.

Adulterioagatik, lapurretagatik, apostasiagatik, droga trafikoagatik, bortxaketagatik eta sorginkeriagatik ezartzen ahal dizute heriotza zigorra. Burua ezpatarekin moztea da gehien erabilitako exekuzio metodoa, baina fusilamenduak, harrikatzeak eta gurutziltzatzeak ere praktikatzen dira. Exekuzio publikoak, normalean, hiri edo herri bateko plaza publikoan egiten dira. Txinaren eta Iranen ostean, exekuzio gehien egiten den herrialdea da.

Qatar ere wahabismoarekin dago lerratuta, baina bertan modu leunagoan ezartzen da. Basamortuko wahabismo idorraren aldean, itsasaldeko wahabismoa deitzen diote. Xaria ez da horren literalki aplikatzen. Hogei urtean ez da heriotza zigorrik ezarri, ez dago moralaren poliziarik, kultu askatasuna dago, gutxiengo xiita ez dago jazarrita, elizak eraikitzea baimentzen da, eta emakumeek ez dute aurpegia estali behar.

Munduko bi herrialde horietan baino ez da ofiziala wahabismoa, baina korronte horren eragina mundu osora zabaltzen ari da. Petrodolarrekin meskitak eraikitzen dira, madrasak eta kultur zentroak zabaltzen dira, literatura argitaratzen da, katedrak sortzen dira, telebista programak babesten dira. XVIII. mendean tokian tokiko mugimendu bat baino ez zena global bihurtu da. Isilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.