Pilota. Lau eta erdiko finala

Bilbok nori egiten dio mesede?

Ezkurdiak eta Altuna III.ak pilota biziak hautatu dituzte etziko finalerako. Gustura gelditu dira biak

Jokin Altuna lau eta erdiko finalerako pilotak aukeratzen, eta Joseba Ezkurdia hari begira, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Bilbon edo Iruñean jokatu, alde handia dago; pilotaleku oso ezberdinak dira. Jokinen kutuna, dena den, Gasteizkoa da». Gorka Altunaren begi klinikoaren diagnosia da, Bilboko Bizkaia pilotalekuko kontrakantxatik eginikoa. Han eseriko da etzi, lehengusuari aholku emateko. Pilotalekua bi pareta eta zoru gogor bat baino gehiago da. Hura eraikitzeko aukeraturiko harriak eta arkitektoen gutiziek ezaugarri ezberdinak eransten dizkiete. Baina partida aldatzeko adina bai? Joseba Ezkurdiak baietz uste du. Jokin Altunak, aldiz, ezetz. Hala azaldu zuten atzo biek lau eta erdiko finalerako pilota aukeraketan.

Ezkurdiak lau eta erdiko bi finalirabazi dizkio Altunari: 22-17, 2018an; eta 22-16, 2019an. Biak ala biak Iruñean jokatu ziren, Nafarroa Arenan. Final haien ondoren Altunak esan zuen «deseroso» aritu zela. Atzo, baina, orduko hitzak zehaztu zituen, eta, adierazi batez ere azpiegitura erabiltzeko arazoez ari zela: «Ogeta da pilotalekurik azkarrena, eta, iaz, han irabazi nion Ezkurdiari [22-10]. Gu biok pilotari handiak gara edozein pilotalekutan. Ordukoan deseroso nengoela esan banuen, aste barruan Nafarroa Arenan entrenatzeko aukera gutxi izan genuelako zen. Hau negozio bat da, badakigu, baina halako xehetasunak zaindu egin behar dira. Bizkaia frontoiak duen abantaila handi bat eskuragarritasuna da».

Ezkurdiak, berriz, eragiteko ahalmen handiagoa aitortu zion pilotalekuari:«Nafarroa Arenak niri egiten dit mesede, eta Bizkaiak Altunari». Baina zergatik? «Iruñeko kantxak erritmo handiagoan jokatzeko aukera ematen du; zorua biziagoa du. Bilbokoak, berriz, defentsan aritzeko denbora gehiago ematen du». Datu adierazgarria da Altunak Bilbon irabazi izana bere sei txapelak. Dena den, Ezkurdiak esan zuen galduz gero ez dela aitzakia izango.

Batek bolea, besteak sakea

Bizi jokatu beharko du Ezkurdiak, eta sakea zukutu. Haren hitzetan, txapelketa honetan hobekien egin duen lana izan da. Eta horretarako pilota egokiak aurkitu zituela esan zuen: 105,6 eta 106,4 gramokoak. Altunak, berriz, 105,5 eta 106,5 gramokoak aukeratu zituen. Biek oso bizkor egin zuten saskiko entresaka; minutu batzuk nahikoa izan zituzten galbahea pasatzeko. Altunaren iritziz, lau pilotak «antzekoak» dira: «biziak, sortako guztiak bezala». Ezkurdiarentzat, ordea, Altunaren bat «motelagoa» da. «Ez oso motela, baina, erabili ahala, baliteke higatzea».

Ezin hobeto ezagutzen dute elkar; ez alferrik, lau eta erdian hamar aldiz neurtu baitituzte indarrak. Ezkurdiak argi du aurkaria airez sartzea eragotzi behar duela; «bestela, galduta nago», esan zuen. Kantxaren erdia hartzearen garrantzia ere nabarmendu zuen, are gehiago Altunaren aurka.

Amezketakoak, berriz, aurkariaren sakea aipatu zuen. «Batzuetan, eskua sartzeak beldurra ematen du. Errestoa ondo egin ezean, badakizu hurrengo pilotakada okerragoa izango dela». Hala ere, ezin da horrekin itsutu: «Tantoa zuzenean egiten badit, ezin naiz urduritu; ondoren, beste tanto bat hasiko da, eta, orduan, hura da garrantzitsuena».

Altuna da faborito apustuetan, alde handiz. Ezkurdiak uste hori berretsi zuen: «Txapelketa guztietan hura da faborito nagusia». Altunak, baina, ez zion garrantzirik eman. Harmailek itxura ona izango dute, baina ez dira beteko. Pilotalekuak 3.000 eserleku ditu, eta ia hirurehun sarrera daude oraindik saldu gabe. Gehienak kantxako harmailako azken koadroetakoak dira, 100 eta 120 eurokoak. Aspaldikoa da eserleku horiek betetzeko arazoa, are gehiago lau eta erdiko finaletan. Bizkaia pilotalekuak kontrakantxa oso zabala du, eta, atzetik, ez da ondo ikusten aurreko jokoa. Enpresek erreparatu egin beharko liokete horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.