Arrauna

Tolosaldeak eta Getariak urrats handia egin dute

Kanporaketan, Tolosaldeak 11,16 segundo ditu alde Deusturekiko. Getaria izan da azkarrena, eta 4,42 segundoan dira Meira eta Kaiku

Tolosaldeako arraunlariak, ahalegin betean, atzo, Euskotren ligako kanporaketan, Bermeon. EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Itsas beteko estropada izan zuten atzo Euskotren eta Eusko Label ligetako kanporaketako partaideek, erlojupean. Olatuak metro eta erditik gorakoak ziren, eta haizeak ipar-mendebaletik zakar jotzen zuen. Baldintza gogor horiek zailtasun handiak eragin zizkieten patroiei eta arraunlariei. Zailtasunak zailtasun, arraun egin beharra zegoen, eta emakumezkoetan Tolosaldeak erakustaldia eman zuen. 11,16 segundo eder atera zizkion Deustu bigarrenari. Gizonetan, berriz, Getaria izan zen azkarrena, baina lau segundora ditu atzetik Kaiku eta Meira. Gaur erabakiko da guztia, Portugaleten (11:40, ETB 1).

Hondarribia atera zen aurrena, Cabo bigarren, Tolosaldea hirugarren eta Deustu laugarren. Lehen txanpan, Hondarribiak egin zituen lehen metro azkarrenak, eta segundo baten abantaila atera zion Tolosaldeari. Deustuk eta Cabok, aldiz, nahi baino atzerapen handiagoa zuten ordurako.

Kai muturraren babesa galdu eta atzean utzi zutenean, ordea, haize kolpe handia jaso zuten ontziek, eta arraunketa egonkortzea ezinbestekoa zuten. Egoera aldrebes horretan, Tolosaldea hobeto moldatu zen Hondarribia baino, eta ziabogan Patxi Francesen taldeak Ama Guadalupekoa baino hiru segundo azkarrago egin zuen. Cabok eta Deustuk, aldiz, bederatzi segundo geroago egin zuten ziaboga. Maniobraren ostean, Tolosaldearen ontzia, Aiora Sorozabalen gidaritzapean, arin eta dantzan ibili zen, eta aldeak nabarmen handitu zituen; Hondarribiak, aldiz, uste baino gehiago sufritu zuen; are, Deusturen atzetik amaitu du. Amaieran, Tolosaldeak erlojuari astindua eman, eta gaur saria jasotzeko aukera gehien dituen taldea izango da. Tomatera ontzia bigarrena izan zen, 11ra; Hondarribia 17ra; eta Cabo 27ra.

Getariak lehen kolpea

Estu joan zen Eusko Label ligako kanporaketa, eta itxura guztien arabera, gaurko jarduna ere gisa horretara joango da. Atzotik bizirik ateratzea zuten xede talde batek baino gehiagok. Bada, Getariak eman zuen lehen kolpea. Esperantza bikain moldatu zen estropada eremu tekniko eta baldintza narrasean. Ion Larrañagaren taldeak hiru ziabogetan denborarik onenak egin zituen, eta lehen postuak ez zion ihes egin.

Bigarren posturako lehian, aldiz, borroka handia izan zuten Kaikuk eta Meirak. Bigarren ziabogan, Bizkaitarra-k Meirari lau segundo ateratzen zizkion, baina kanporanzko hirugarren luzean, galiziarrak hobeto moldatu ziren, eta Sestaoko taldea baino segundo bat azkarrago heldu zen. Bueu eta Tiran, lehiatik kanpo ziren ordurako.

Getaria lehena izan zen, baina nahi baino alde txikiagoarekin helmugaratu zen, azken bi minutuetan jasandako haize ufadaren ondorioz. 4,06 segundo atera zizkion Meirari, eta 4,42 Kaikuri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.