ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Edoskitzeari trabak

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Pandemia dela-eta, Tokioko Olinpiar Jokoetako antolakuntzak neurri zorrotzak ezarri dizkie kirolariei. Hasierako debekuen artean, hau zegoen: edoskitzea egiten ari ziren kirolariei ez zieten uzten seme-alabak Tokiora eramaten. Neurriak harrabotsa eragin zuen, eta antolakuntzak ustez atzera egin zuen.

Baina Ona Carbonell igerilari artistikoaren salaketak agerian utzi du ez dela horrela. Sei hilabeteko mutiko bat du Carbonellek. «Haurrak bidaia dezake, baina nire bikotekideak eta berak hotel batean egon beharko lukete sartuta, eta ni hara joan bularra ematera. Zentzugabea da, salagarria. Horrela ezinezkoa da». Azkenean, etxean utzi behar izan du haurra. Carbonellena, gainera, ez da kasu bakarra.

Horrek guztiak agerian uzten du goi mailako kirolari batek zer zailtasun dituen ama izateko, eta zer urruti dagoen oraindik ere berdintasuna. Askok atzeratu egiten dute ama izateko garai hori, zailtasun bidegabe horiengatik. Horregatik, eta beste hainbat gauzarengatik. Allyson Felix Olinpiar Joko hauetako izarren artean dago, eta borroka luzea izan zuen Nike kirol markarekin, ama izan ostean %70 jaitsi nahi ziotelako babesletzagatik ematen zioten dirua. Errendimendua jaitsi zezakeela argudiatu zuten. Felixek epaitegietara jo zuen, eta azkenean Nike-k atzera egin zuen.

Parekidetasunaren Jokoak direla diote antolatzaileek, parte hartzaileen artean %49 emakumeak direlako, eta %51, gizonezkoak. Datu hori garrantzitsua da. Baina hortik harago joan behar da, goi mailako kirolean berdintasunaren aldeko benetako urrats sendo bat egin nahi bada. Ikusgaitasuna ondo dago, baina emakume kirolarien lan baldintzak hobetu behar dira benetan urrats horiek egiteko. Bestela, datu hutsetan geratuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.