Kontxako Bandera

Zapore bera du

Aurtengo Kontxako Bandera arraunzaleen berotasunik eta aupadarik gabe lehiatu badute ere, «Kontxa Kontxa da oraindik ere», adierazi dute Nadeth Agirrek eta Ioseba Amunarrizek. Bigarrenez irabazi du Orioko patroiak; Hondarribikoak, berriz, bosgarren aldiz astindu du.

Nadeth Agirre eta Ioseba Amunarriz. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Igandeko Kontxako badiaren irudiak ez zuen inolako antzekotasunik orain artean ikusi izan denarekin, izurriak baldintzatutako 125. eta 13. Kontxako Banderan. Uretan protagonistak ziren 16 ontziek ez zituzten Pasealeku Berria edota Santa Klara uhartea koloreztatuta ikusi, ezta entzun ohi dituzten biba eta txaloak ere. Mutu zegoen badia iraileko bigarren igandean, eta atzo ere bere isiltasunean jarraitzen zuen, olatuek alditan mozten zuen bitartean. Hori bai, herenegun ez bezala, hego haize petrala zegoen, eta arraun egiteko itsaso narrasa.

Halako bandera preziatuak badu bere ondorena ere. Gizonezkoen eta emakumezkoen Gipuzkoako talderik onenak azaldu ziren atzo Donostiara, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak diru saria eman behar zietela eta. Bertan ziren Kontxako Banderako bi irabazleak. Batetik, Oriokoak: Nadeth Agirre, Lukene Lizaso, Itxaso Azkonobieta, Xanti Zabaleta entrenatzailea, Iosu Esnaola presidentea eta Imanol Urkizu zuzendaritzako kidea. Ez zitzaien neke zantzurik antzematen; iaz ez bezala, ordu txikiak arte luzatu ez ziren seinale Orio aldean. Ezta Hondarribian ere; han ziren Ioseba Amunarriz, Julen Castrillon, Galder Esponda, Manex Aldai, Mikel Orbañanos entrenatzailea eta Alvaro Bilbao zuzendaritzako kidea. Eseri aurretik, talde batek bestea zoriondu eta irabazlearen biharamuneko une gozoa partekatu zuten.

Aurtengo Kontxako Bandera arraunzaleen berotasunik eta hausporik izan gabe lehiatu dela eta, «berezitzat» hartu dute San Nikolas eta Ama Guadalupekoa ontzien txopan doazen Nadeth Agirrek (Orio, Gipuzkoa, 1993) eta Ioseba Amunarrizek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978). «Bandera zaleak egiten du berezi; tristea izan da arrapala hutsik ikustea», atera zaio barrutik Agirreri. Amunarrizek agintarien ontzira igo zen unea ekarri du gogora, segurtasunagatik patroiak bakarrik astindu baitzuen bandera. «Taldekideak traineruan igo ezinik ikusteak pena eman zidan».

Bereziak berezi, modu horretara eraman dute aurtengo arraun denboraldia. «Ezohiko egoera honi arreta handia ematen diogu, baina hemendik gutxira, Kontxako Bandera irabazi dugula gogoratuko gara», esan du Amunarrizek. Agirrek ere banderari eman dio garrantzia. «Itxialdian geundenean, edozeinek ordainduko zukeen Kontxako Bandera lehiatzea, izan goizeko bederatzietan edota arratsaldeko seietan». Makilatik lotuta dagoen oihalezko bandera baino zerbait gehiago da Kontxakoa, eta duen balioak eta prestigioak egiten du handi. Hargatik, biek ala biek zapore bera dute: gozoa.

Oriok bigarrenez segidan irabazi du bandera, eta Agirre bitan joan da lemazain. «Horrelako lorpen handi batekin denboraldia ongi biribildu dugu». Donostiatik Oriora iritsi ziren unea du gogoan; herria horiz jantzita, oriotarrek harrera beroa egin baitzieten, «xumea» bezain «handia», Agirreren esanetan. «Bandera, nola edo hala, herritarrei erakutsi behar genien». Arraunlariek zaleei eskerrak emateko ohiko modua izaten da hori.

«Egindako lana, zalantzan»

Hondarribia, bestalde, azken hiru urtetan nagusitu da badian. Estropada handiari neurria hartua diote, antza. «Hirugarrena jarraian irabazi dugu, baina, aurretik, hirutan ihes egin digu; bigarren izaten ikasi egin behar da, eta, orain, badirudi, fruitua jasotzen ari galera». Eta bai jaso ere. Amunarrizek bosgarrena zakuratu du bere garaipen zerrendara, eta Hondarribian Kontxako Bandera gehien dituen patroia bilakatu da Juan Angel Lujanbiok lau irabazi zituen. Alta, beste aldeari begiratu nahi izan dio. «Lorpenaz harago, Kontxako Bandera lehenengoz irabazi dutenek poztu naute gehien. Estropada amaitu, eta haien aurpe giek dena esaten zuten». Gaizka Gorostiaga, Ander Legazkue eta Alain Osanbelaz ari da hizketan.

Zirrarak eta sufrimenduak bideratu ohi du kirola arrakastara. Herenegun, emakumeen estropadak gizonena baino irekiagoa izateko arrazoia bazuen, eta, hori baliatuz, hedabideek arraunzaleei emozioa helaraztea dute xede, errealitatea zein den ahaztu gabe, noski. Agirrek azpimarra berezia egin du: «Lehen jardunaldian Donostiarra bi segundora geratu zela eta, joan den astean, hedabideek uda osoan egin dugun lana zalantzan jarri dute. Argi erakutsi dugu haiengandik puntu bat gorago ibili garela, eta hori baloratu behar dugu». Bat dator Amunarriz ere. «Komunikabideek txispa hori sortu nahi dute. Abuztu osoan, bai guk eta bai Oriok, denboraldian zehar,ontzia azkar ibiltzeko gai izan garela erakutsi dugu».

Irabazteko gakoa taldearen konfiantzan dagoela dio Amunarrizek, «eta lasaitasunean. Mikelek [Orbañanos] beti esaten digu gure lana ondo egiten badugu, aurkari oso gogorra izango garela eta guri irabazteko arraunean asko egin beharko dutela». Hain zuzen, herenegun, Zierbenak hasieran estutu bazion ere, aurkaririk ez zuen izan Ama Guadalupekoak; lehen jardunaldian, bezala, hegan egin zuen, arraunean sakon eta ondo eginez, aurretik, Oriok egin zuen bezalaxe, nahiz eta biek esan kanporantz gehiago gozatu zutela itzuleran baino. Agirrek ez du ezkutatu aste hasieran irabazteko zalantzak bazituztela. «Baina egunak aurrera joan ahala, zalantzak uxatu, eta ontzia oso ondo zihoan. Bagenekien gure lana eginda irabazi egingo genuela». Eta nola, gainera.

Zabaletak eta Orbañanosek euren patroiei Santa Klara uhartea atzean utzi eta helmugara bidean aurkariekiko tarte polita zutela esan zietenean, argi zuten: «Banderak ez digu ihes egingo; gozatu ederra hartu genuen», diote. Bandera berezia garai berezian lortuta, taldeak egindako lana eta erakutsitako jarreragatik daude pozik. «Aste osoan pilatutako tentsioa askatzen duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.