begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinema merezi ez duzuneko sentsazioa

2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Baionako Maurice Ravel kontserbatorioaren harrizko eraikin ederrera, baita Naturak hartutako bertako klaustrora ere, iristen zen durunda; Errobi ibaiaren ondoan den zinema gune handian zeluloidezko fenomeno markaz, neurriz, tamainaz kanpokoa eta bikoitza ari zen gertatzen. Jende piloa, ostea, mordoa metatzen ari zen sarrerak banatzen dituzten gailu elektronikoen aurrean, egungo txartel-krispeta-freskagarri leihatila guztien parean, Barbenheimer izenaz ezaguturiko fenomenoaren parte, lekuko, biktima eta eragile izateko asmotan, desira biziz, gogo ezin erreprimituzkoz.

Bai, hori da, hain zuzen ere, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroetan zaletu eta ofizioko jende eskutada polita Zinema Ipar Euskal Herrian. Urrats bat aurrera? izenburuko jardunaldi mamitsuaren inguru eta barrenetan eztabaida majoan (askotan bastante garratzean ere, ez pentsa) hasi eta indarrez tematu orduko, bai Iparrean bai Hegoaldean Christopher Nolanen Oppenheimer bai Greta Gerwignen Barbie estreinaturik ziren, udako zinema denboraldiari bultzada ikaragarria emanez eta Hegoaldeko hauteskunde igandean ere parekorik izan ez zuten lagunen eta senitarteen arteko liskarrak sorraraziz.

Maurice Ravel kontserbatorioko hormen artean mahaigaineratu, pantailaratu zen horren inguruan patxadaz idatzi beharko dugu hurrengo batean, hantxe baitziren Kuban ikasia den Itziar Leemans, Boca ciega dokumental paregabearen autorea; Gastibeltza Filmak ekoiztetxeko Eñaut Castagnet sortzailea; Oihaneko zühainetan diskoaren harira zinema bertsoen melodiaz landu zuen Alozeko Elsa Oliarj-Ines; Paxkal Irigoienekin batera Bañolet film luzea estreinatu berri duen Maia Iribarne Olhagarai; euskal demonio, jainko eta jainkosa orok harturiko Eugene Green; eta aita aljeriarra eta ama alemana dituen Safy Nebbou, Baionan jaio, L'Atalante aretoan zinemarekin maitemindu, aktore bihurtu eta euskalduna ez izan arren euskaraz mintzaturiko zenbait laburren egilea dena.

Bai, horiek guztiek hartu zuten parte ikastaroan. Gehi gonbidatuek. Mahaiaren gainean zegoen ordainezin bezain baitezpadakoa den Ipar Euskal Herriko Zinema eta Ikus-Entzunezko Arloko Diagnostikoaren Bilana eta Garapenerako Gomendioak izeneko txostena ere. Nortzuek sinaturik? Graxi Irigaraik, Josu Martinezek, Patxi Azpillagak, Josu Amezagak eta Ramon Zallok. Lasaiago idatziko dugu inoiz horretaz, baina aurrerapen gisa: banaketa egonkor baten beharra, produkziorako funts bat aktibatzearen premia, behategi baten desira, lankidetza instituzionala... aldarrikatu ziren.

Eraikin ederra, eta euskaraz jaiotako, landutako, egindako eta ikusitako zinemaren alde diharduen talde aparta haren konpainia abandonatuz, Errobi ertzeko aretoetara arrimatu ginen, Barbie eta Oppenheimer dastatzeko irrika biziz, baita emanaldi bikoitz paregabe batean ase ere.

Sekulakoak dira biak. Seguru bakoitzak berezkoa duen anbizioari dagozkion flakeziak badituela, baina ez nien horiei erreparatu. Nork eta zerk ez du bere baitan, ez dugu gure baitan ahuldaderik?

Ez dute ezertan bat egiten (baldin eta ez bada bikaintasunaren bilaketa aseezinean), baina biek egiten dute hegan, airos, ezinezkoak diruditen anbizioen gainetik. Hala ere, beti izango da zure zorabioa zapuzten saiatuko den ipurbeltzik. Barbie-ri, kasurako, zera exijitzen diote: guk denok amaitu ezin izan dugun iraultza feminista eta kapitalismoaren kontrakoa berak akaberara ekartzea.

Izugarria, berealdikoa den Oppenheimer-i leporatzen diotenak, aldiz, are ageriago uzten du akusatzailearen miseria. Zenbaitzuren aburuz, Nolanen filma astuna, aspergarria eta ulergaitza da. Benetan diotsuet ez dakidala zergatik sartzen diren asko eta asko ez dagozkien eremuetan. Oppenheimer zinema pieza erabatekoa da. Soinu, irudi eta gogoeta aldetik. Shakespearek berak sortzen zituen giza ereduen, modeloen erara dihardute bere pertsonaiek, beren ilunabarreko eta argialdeko joera eta jarrera guztiekin. Ez dira ez jainkoak ez demonioak, askoz okerragoak edo askoz hobeak baizik; gizakiak dira. Oppenheimer, nik uste, ezin da ikusi hiru ordu libre dituzulako eta filma ematen duten aretoen parean paratu zarelako. Ez, jakin behar duzu zuzendariak bere buruari exijitzen dion guztia exijitzen diola ikusleari. Jakin behar duzu ez dela krispetak jaten ikusi ohi dituzun, ditugun pelikula horietako bat. Atezuan sumatuko dituzu zure neuronak, zure barneko sistema guztien bukaerak, eta zelatan sentituko zure bost?, sei? zentzumenak. Are, jakina ez duzula dena ulertuko, film hau ez baita National Geographic-eko artikulu dibulgaziozko bat, eta gutako oso gutxi dira gauza atomoaren nukleoaren banaketaz berbarik egiteko. Ezta Botere ororen azpijokoen inguruan ere...

Ez. Askotan, merezi ez ditugun pelikuletan sartzen gara, eta pagaturiko 8, 10 euroek haiek birrintzeko aukera ematen digutela sinisturik, gure ezjakintasun oilartuaren berri ematen diogu munduari. Lastima. Plazer eta desafio guztiei egiten baitiegu uko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.