Emakumeek zientzian zer garrantzi duten erakusteko jardunaldiak

Gaur hasiko dira emakumeak zientzia ikasketara bultzatzea helburu duten jardunaldiak. Tailer eta hitzaldiak egingo dituzte hilaren 14ra arte

Emakumeak Zientzian 2020 jardunaldia aurkezteko ekitaldia. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, eta, era berean, jarduera zientifiko-teknikoa gizonezkoen eremua ez dela erakustea. Helburu horiek izango ditu zientzia arloko bederatzi erakundek antolatutako Emakumeak zientzian 2020 jardunaldiek. Izan ere, emakumeek ere zientzia egiten dutela erakutsita, ondorengo emakumeen belaunaldietan zientziako ikasketak egitea sustatuko dutela uste dute antolatzaileek. Gaur hasiko dira jardunaldiak, eta hurrengo ostiralean amaituko dira.

Emakumeek zientzian zer garrantzi duten erakutsiko duten jardunaldia honako erakunde hauek antolatu dute, elkarlanean: CIC Nanogune, Materialen Fisika Zentroa, CIC Biomagune, Donostia International Physics Center, Biodonostia, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar. 2015az geroztik otsailaren 11n emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna egiten da, eta emakumeak zientziara erakartzen saiatzeko asmoa du NBEk izendatutako egunak. Horren harira antolatu dute Emakumeak zientzian 2020 jardunaldiak erakunde horiek guztiek.

Tailer batekin hasiko dituzte jardunaldiak, gaur. 16:00etan CIC Nanogunen Zientzia bada nesken kontua izeneko tailerra egingo dute. POLYMAT eta Nanoguneko ikerlariek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek zientzialari izateko aukera izango dute egun batez, baita ikerketa talde bateko kide izateko aukera ere. 19:00etan, bestalde, Viktoria Eugenia antzokian Zientzialariak, atzo eta gaur saioa egingo da. Euskal Herriko sei emakume ikertzaile igoko dira taulara, eta, zer lan egiten duten aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan ziren emakume zientzialariak omenduko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz».

Lehen egunaren ondoren, bihar goizean ginkana bat egingo da Donostiako Ibaetako unibertsitate campusean. Familientzako ekitaldian, proba ugari egin beharko dituzte, eta campusaren inguruan dauden ikerketa zentroetara ere joango dira.

Astelehenean, bestalde, Tecnun eta Ceit-en egingo duten hezkuntza jardueran, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoek automobilgintza tailerra egingo dute, «benetako ingeniari izango dira, lan arlo guztiak simulatuz». Ildo beretik, asteartean, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian zer presentzia izan duten ezagutzeko.

Otsailaren 13an, 55 urtetik gorako zientzialari emakumeen jarduera bat egingo dute, «kultura zientifikoaren transmititzaile gisa duten irudia goratzeko». Azkenik, hilaren 14an, gaur egun ikerketa arloan diharduten emakume zientzialariek euren esperientzia kontatuko dute mahai inguru batean. Ekitaldia Carlos Santamaria zentroan egingo dute, eta zientzia komunitatearentzatizango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.