Udazkeneko ernamuinak

Alavesek gainditua du derbietan izandako nortasun krisia. Estu dabil sailkapenean, baina ondo moldatzen hasi da berriz, eskema eta estrategia aldaketa dela medio.

Asier Garitano, jokalariei aginduak ematen, denboraldi honetako partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Alaves aho zapore gazi-gozoarekin iritsi da Espainiako Ligako bigarren geldialdira. Kezkagarriak dira arabarren zenbakiak: zortzi puntu eskas batu dituzte lehen zortzi jardunaldietan, eta 17. postuan daude sailkapenean, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera. Alta, askoz hobeto aritu dira azken bi neurketetan, eta, hala, itxaropena piztu zaie. Oraindik alor guztietan dute hobetu beharra, baina pauso txikiak emanez urratzen da bidea. Abiatu berria da Asier Garitano buru duen proiektua, eta denbora eman behar zaio. Pazientziak apenas duen tokirik gaur egungo futbolean, eta berehalako emaitzen premiak ataka estuan jarri du dagoeneko teknikari bergararra. Edonola, onik atera da oraingoz, taldea iratzartzea erdietsi baitu.

Athleticen eta Realaren aurkako derbiek jota utzi zuten Alaves. Emaitzak bezain kaskarrak izan ziren Gasteizko taldeak igorritako sentipenak. Defentsan ezohiko ahuldadea erakutsi zuen, eta erasoan, berriz, erabateko ezina. Haatik, suspertu egin zen Mallorcaren aurka. Irabazi beharreko lehia zen, eta arabarrek ez zuten huts egin. Joko liluragarririk egin gabe ere, bestelako argitasuna eta sendotasuna izan zuten, eta, hala, premiazko hiru puntu lortu (2-0). Mestallan esku hutsik gelditu ziren (2-1), baina duin jardun ostean, San Mamesen eta Anoetan ez bezala. Bigun jardun zuten bi areatan, eta hori bekatu handia da. Hainbat minutuz gailendu zitzaizkion Valentziari, ordea, presio gogor eta joko biziaren bidez.

Horrek izan behar du bidea. Maiz, lerroak oso atzean paratu izan ditu Garitanoren taldeak, eta aurkariei jokaldiak lasai asko abiatzen utzi die. Hori horrela, baloiak oso atzean berreskuratu ditu, eta ez du modurik izan aurkarien presioa gainditzeko. Kontraerasoetan espezialistak izan dira arabarrak azken sasoietan, baina, estrategia hori aurrera eramateko, lehen paseek oso zehatzak izan behar dute. Trantsizio lan hori Pinak egin izan du, baina erdilariak nahi baino maila apalagoan ekin dio denboraldiari. Hori horrela, joko are zuzenagoa egiten saiatu da Alaves, atzelariek baloi luze ugari bidalita. Ez dio balio izan, eta baloiak aurrerago berreskuratzea izan liteke konponbidea. Apustu hori ondo atera zitzaion Valentziaren aurka.

Egitura sendotzeko garaia

Sistema taktikoan izan den aldaketak ere mesede egin dio Arabako taldeari, erasoan batik bat. Garitanok 4-4-2 marrazkia ezarri du azken lehietan. Bi aurrelari ipini ditu puntaren puntan, bakarra jarri beharrean. Erabaki logikoa da, besteak beste, Alavesek erdiraketa asko egiten dituelako eta azken sasoietan joera hori izan duelako. Alde horretatik, Joseluk eta Lucas Perezek oso bikote interesgarria osatzen dute. Batak errematerako gaitasuna eta ahalmen fisikoa dauzka, eta besteak, mugikortasuna eta kalitatea. Bi aurrelari galiziarren artean sartu dituzte arabarrek orain arte egin dituzten bost golak. Callerik eta Bastonek, iragan denboraldian, hamalau sartu zituzten, eta Munirrek eta Guidettik, orain bi sasoi, hamahiru.

Hegaletan ere sumatu da Alavesen hobekuntza. Sakontasun gehiago izan du taldeak, gehiagotan zapaldu du hondoko marra, eta erdiraketak ere usuagoak eta zitalagoak izan dira. Handia da Ibai Gomezek eta, batik bat, Jonyk utzitako hutsunea, eta hori ahantzarazteko asmotan dihardute Luis Riojak eta Oliver Burkek. Aleix Vidalek ere xede bera du, baina ez dabil fin. Arabarren fitxaketarik entzutetsuena ez da espero bezain ondo jokatzen ari, eta Garitanok aulkian utzi zuen Valentziaren aurka.

Hori horrela, azken bi partidetan eraikitako oinarriak sendotzeko garaia du orain Gasteizko taldeak, asteburu honetako etenaldia baliatuz. Lerro guztietan dago zer hobetu; beraz, galtza bete lan izango du Garitanok. Celtaren aurkako lehia ageri da zerumugan, eta ordurako lesiotik osatuta egon beharko luke Pachecok. Baina ez dirudi Ely eta Pina garaiz iritsiko direnik. Wakasoren itzulera ziurra da, bete baitu jada txartel pilaketaren zigorra. Ghanatarra zelai erdiko lemazain bilakatu da. Postu berean, aurrerapauso bat ematen saiatuko da Pere Pons. Ikusteko dago, halaber, Guidettik eta Burguik zer ekarpen egingo duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.