Etxebizitza merkatua. Inbertsio funtsak

FUNTS HANDIAK, SUKALDERAINO

Azora eta Blackstone funtsek Donostian eta Iruñean egindako bi operazio argitara atera izanak piztu du alarma Euskal Herrian. Beste hiri batzuetan izan duten jokabidea ikusita, hainbat familia beldurrez begiratzen ari dira etorkizunera, eta Kaleratzeak Stop taldearekin hasi dira mobilizatzen.

Kartelak lehioetan, Arrotxapean (Iruñea). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Iritsi dira inbertsio funtsak Euskal Herriko etxebizitzen merkatura. Alokairuen prezio handiek eta gorantz egiten ari den turismoaren sektoreak erakarrita, bi kasu berri plazaratu dira asteon: Iruñean bata, eta Donostian bestea. Erosi dituzten etxeetako bizilagunen artean beldurra sortu du inbertsio funts horien itzalak, eta batzuk hasi dira jada onartzen kaleratu egingo dituztela; ez dute inongo konfiantzarik etxejabe berriengan: «Badakigu nola jokatzen duten putre horiek».

Etxebizitzaren arazoa ez da berria Donostian; hala aitortu zuen Eneko Goia alkateak joan den ostegunean: «Donostian sentsibilitate berezia dago gai horrekin, eta kezkatzen gaituen fenomeno bat da». Egoera salatzeko, elkarretaratze bat egin zuten atzo Gipuzkoako hiriburuan, Kaleratzeak Stopek antolatuta. Rosa Garcia plataformako bozeramailearen arabera, Donostian arazoa kasu partikularretatik haratago doa: «Ez dago kontrolik alokairuaren prezioarekin; hori egingo balute, funtsak jabetuko lirateke hemen ezin dutela egin izugarrizko negoziorik». Funtsen lanari esker, ordea, jende gehiago ere aberasten da: «Egiten duten espekulazioaren ondorioz, igo egiten dira prezioak, eta, azkenean, etxeak alokatzen ari diren jabeak ere aprobetxatzen dira horretaz. Kiribil bat da, eta horregatik ditu Donostiak horren alokairu garestiak». Funtsek etxebizitzak apartamentu turistiko edo hotel bilakatzeko duten asmoa ere kritikatu du.

Badirudi horixe izango delaVascongada higiezinen agentziak Donostiako Gros auzoan zituen etxebizitzen etorkizuna. Han, Madrilgo Azora inbertsio funtsak 321 etxebizitza erosi dizkio agentziari, eta bizilagunak kezkatuta daude euren etorkizunaz. Joan den asteazkenean salatu zutenAzorak abian jarri duela jada funtsek «etxeak husteko» erabili ohi duten modus operandi-a. Bi modutara egiten dute, nagusiki: batetik, ez dituzte berritzen amaitzen ari diren kontratuak; eta, bestetik, alokairuaren prezioa bertan bizitzen ari direnek ordaindu ezin duten kopuru bateraino handitzen dute. Hutsik geratzen diren etxeak ez dituzte berriz ere alokairuan ipintzen. Hala, etxebizitza horiek turismorako erabil ditzakete funtsek; bai etxebizitza turistiko bilakatzeko, bai hotelak egiteko.

Azorak ostiralean erantzun zien bere iritsierak sortu dituen eztabaidei. Funtsak «lasaitasuna» eskatu zuen, eta uste du «arrazoigabea» dela Donostian egin duten operazioa dela-eta sortutako eztabaida, «epe luzeko alokairuak» baitira euren «izateko arrazoia». Hortaz gain, funtsak gogor jo zuen Kaleratzeak Stopen aurka, eta plataformak berehala erantzun zuen: «Guretzat etxebizitza gizartearen behar bat da, ez negozio hutsal bat, eta horrek eramango gaitu beti funtsen aurka egitera».

Azora ez da, ordea, Donostia begiz jo duen lehen inbertsio funtsa. Benta Berriko babes ofizialeko etxeetan igaro da pare bat urte Blackstone funtsaren berri lehen aldiz izan zutenetik. Eusko Jaurlaritzak, 1995. urtean, Benta Berrin babes ofizialeko etxeak egiteko lehiaketa bat atera zuen, eta Metrovacesa eta Vallehermoso eraikuntza enpresek irabazi zuten. Horiek, 2016an, Testa Residencial socimiarekin fusionatu ziren, eta, 2018an, Estatu Batuetako Blackstone funts bilakatu zen enpresa horren inbertsiogilenagusia. 2028ra arte izango dira etxeok babes ofizialekoak —800 eurotik gora ordaintzen duten bizilagunak dauden arren—, eta, ondoren, funtsaren esku geratuko dira.

Alokairu Benta Berriko bizilagunen elkarteko iturriek salatu dute lurra Jaurlaritzarena izango dela aurrerantzean ere baina Blackstonek nahieran esplotatu ahal izango duela. Jaurlaritzarekin bildu dira, baina ez dute lortu akordiorik. Azaldu dutenez, ez da kasualitatea Ameriketako Estatu Batuetako funtsak etxe horiek erosi izana: «Goxoki bat dira. Unibertsitateen ondoan daude etxeak, baita hondartzatik gertu ere. Bikainak dira ikasleei eta turistei alokatzeko». Kalean gera daitezkeen 500 pertsonei, ordea, ez dizkietela alokatuko uste dute.

Iruñeko kasua

Donostiatik kanpo, Iruñean eman dute zeresana inbertsio funtsek azken astean, eta egoera larrian egon daitezke 160 familia baino gehiago. Benta Berrikoaren antzekoa da kasua: hogei urtez, eraikuntza enpresa behartuta egon da etxeak babes ofizialera bideratzera, baina aurten bukatu da epe hori,eta Blackstonen Testa Residencial funtsa egin da etxeen jabe. Arrotxapea eta San Jorge auzoetan daude.

Hainbat familiari martxoaren 31n amaitzen zaie kontratua, etafuntsak hortaz informatzeko bidali dien gutunak bi aukera soilik eskaintzen dizkie: giltzak ematea edo alokairu berria ordaintzea. Gehienek, ordea, ezin diote aurre egin pisuaren ordainketari; batetik, Testak prezioak igo dituelako, eta, bestetik, babes ofizialeko etxeetan bizitzeagatik Nafarroako Gobernuak ematen zien diru laguntza amaitu zaielako. Baliabide gutxiko familiak dira kaltetuetako asko, eta etxebizitzen prezioak hirukoiztu egin dira kasu batzuetan: lehen 250 euro ordaintzen zituztenei 750 eskatzen dizkiete orain. Bizilagunak hasi dira antolatzen, baina konponbidea erlojupean arituta aurkitu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.